eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

ERREPORTAJEA

Euskal kultura eta historia, Gernikako Euskal Herria Museoan

EITB.EUS

Besteak beste, baserriak, mapak, historiako pasadizoak eta herri kirolak jorratzen dira bertan. Gainera, ikasle, ume eta familiei zuzendutako ekintzez goza daiteke urte osoan zehar.

  • Euskal Herria Museoa

    Euskal Herria Museoa

Euskal Herria Museoa Gernikan dago, Juntetxearen eta Gernikako Arbolaren ondoan, historiaz beteriko leku eder batean. Alegria edo Montefuerte izeneko jauregi barrokoan du egoitza. 1982an, Bizkaiko Foru Aldundiak museo bihurtu zuen eraikina; lorategia, berriz, Europako Herrien Parke.

Museo honetan, euskal kultura eta historia azaltzen dira, lau solairutan. Maketa, artelan, ikus-entzunezko eta hainbat objekturen bidez, gure baserriak, mapak, historiako pasadizoak, herri kirolak, musika, dantzak, bertsolaritza eta gastronomia aztertzen dituzte bertan.

Ikasle, ume eta familiei zuzendutako ekintzak

Hau guztia hobeto ulertzeko, urtean zehar, museoan zein lorategian hainbat ekintza egiteko aukera dago, adin eta ezaugarri ezberdinetako bisitariei zuzenduta.

Ikasleek bisita gidatuak eta tailerrak egin ditzakete ikasturtean zehar. 4 eta 16 urte arteko ikasleek aukeran dituzte honako tailer hauek: “Euskal Kultura Jokoa”, “Basoak historian”, “Foruak eta batzarrak” edo “Altxorrak eta Kartografia”.

Gainera, opor garaian, 5 eta 10 urte arteko umeek aukera dute Euskal Herriko historia eta kultura ezagutzeko, jokoak eta jarduera plastikoak eginez.

Azaroan hasi eta maiatzera arte, berriz, familiei zuzendutako tailerrak egiten dira larunbatetan. Horien helburua familiako kide guztiek (umeek eta gurasoek, elkarrekin) Euskal Herriko historia eta kultura ezagutzea da, tailer eta jolas dibertigarriak eginez.

Horiez gain, beste ekintza berezi asko izaten dira museoan eta lorategian: kontzertuak, hitzaldiak, bisita bereziak, etab.

Irailaren 7an eta 8an, “Erdi Aroko birsortze historikoa” izango da lorategian eta museoan bertan, eta hainbat erakustaldi, tailer eta ekintza prestatu dituzte horretarako.

Bisita eta tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da, 94 625 54 51 telefono zenbakira deituta, edo, Internet bidez, euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera mezua bidalita.