eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

1. gunean

Ene Kantakek ikuskizuna eskainiko du igandeko Kilometroak jaian HIRU3 gunean

Igandean, Kilometroak jaia ospatuko da Zarautzen, eta HIRU3 han izango da, 'Hi' izeneko 1. gunean, jarduera ugari eskainiz.

  • 'Ene Kantak', 2019ko Ibilaldian

    'Ene Kantak', 2019ko Ibilaldian

Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia ospatuko dute urriaren 6an Zarautzen, eta hainbat ekitaldi izango dira bertan ume eta gaztetxoenei zuzenduta. HIRU3 ere han izango da. Ikastolan kokatutako 'Hi' izeneko 1. gunean bilduko dira haurrentzako jarduerak, eta hantxe egongo da HIRU3ren gune berezia.

Gorritxo galtzagorri maitatuak ez du Kilometroak jai handia galduko. Bertan izango da umeak agurtzen, eta berarekin argazkia ateratzeko aukera izango dute bertara joaten direnek.

Horrez gain, HIRU3 EiTBren ume eta gaztetxoentzako klubeko kide egiteko aukera izango da bertan. Egun batzuk geroago jasoko dute ongietorria emateko eskutitza etxean, eta hainbat abantaila izango dituzte HIRU3ko bazkide izateagatik.

Ekimenik preziatuena, baina, 13:00etan iritsiko da; izan ere, 'Ene Kantak' taldeko lagunek ikuskizuna eskainiko dute oholtzan, 1. gunean bertan. 

Argazkiak, webgunean ikusgai

Kilometroak festan ateratako argazkiak HIRU3ren webgunean jarriko ditugu ikusgai. Aurreko urteetan bezala, EiTBk euskararen aldeko jaien zabalkundea egingo du bere hedabideetan, eta horien inguruan jazotzen den guztia kontatuko du.

Zarautzek hirugarrenez izango du Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia antolatzeko ardura, eta Ni, hi, hura... ikastola mundura da aurten aukeratutako leloa. Salbatore Mitxelenak hartu du aurtengo Kilometroak antolatzeko lekukoa. 1987an jasotako dirua Salbatore Mitxelena ikastolako eraikina doitzeko eta laguntza-premia larrian zeuden Iparraldeko eta Nafarroako ikastolak hornitzeko erabili zen. 2004an jasotakoarekin, aldiz, Oteitza Lizeo Politeknikoaren proiektua sendotu zuten.