eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

ERREPORTAJEA

Bisita gidatua, Santimamiñeko kobazuloan barrena

EITB.EUS

Bisitaren amaieran, 3Dn egindako erreplika birtual baten bidez, haitzuloaren ibilbide osoa egin daiteke. Gainera, 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerrak antolatzen dituzte.

  • Santimamiñeko kobazuloa

    Santimamiñeko kobazuloa

Aurreko mendeko hainbat urtetan, Santimamiñeko koba erreferentzia lekua izan da gure lurraldean. Hamarkada askotan, bizkaitarren ondoz ondoko belaunaldiak haitzulotik ibili eta bertako labar-pinturak eta labar-grabatuak ikusi ahal izan dituzte.

Gaur egun, ibilbidea harrera-gunetik hasten da. Ibilbidea goraka doa haitzuloko ahoraino. Modu horretan aukera ematen digu bertako ingurune naturala ikusteko: artadi kantauriarra da nagusi, bere landare eta fauna bereziarekin.

Haitzuloan barruratu ondoren, atondora igaroko gara. Lurralde honetako lehenbiziko biztanleek hartu zuten lekua da hori. Bertan, betegarri estratigrafiko indartsu bat dago, sei metro baino gehiagoko lodiera duena. Gizakia erdiko Madeleine alditik (orain dela 14.000 urte ingurutik) bizi izan da bertan.

Baselizara itzulita, 3Dn egindako erreplika birtual sofistikatu baten bidez, aukera izango dugu haitzuloaren ibilbide osoa korritzeko, bere eraketa eta morfologia ulertzeko eta, jakina, barruan duen historiaurreko artea miresteko.

Ikasle, ume eta familiei zuzendutako jarduerak

Santimamiñeko kobazuloa bisita gidatu bidez bakarrik egin daiteke; beraz, nagusi zein umeei zuzenduta dago eta bisitariaren arabera gidariek azalpena moldatzen dute. 

Halaber, urte guztian zehar, hilabete bakoitzeko azken igandeetan, 7 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerrak egiten dira. Esaterako, azaroak 24an, hilaren azken igandean, "Euskal Mitologia" tailerra antolatu dute. 

Bisita eta tailerretan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da honako kontaktuan:

Tl. 944651657 // 944651660 edo santimamiñe@bizkaia.eus

Webgune ofiziala: www.bizkaikoa.bizkaia.eus/santimamiñe