eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

21:00etan

"Lars zonbia" telesailaren aldibereko estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta ETB3n

EiTB

Lars gaztea erdi zonbia da eta berezia izateagatik baztertzen duen gizarte batean bere tokia topatzen saiatuko da. Ezaugarri bereziak dituzten beste haur batzuk ezagutuko ditu laster.

0:24

Gaur gauean, Euskal Telebistak "Lars zonbia" Norvegiako telesail saritua estreinatuko du. Telesailaren protagonista Lars 11 urteko gaztea da. Berezia da, erdi zonbia baita, eta aurreiritziz beteriko gizarte batean bere tokia topatzen saiatuko da.

Euskal Telebistak zirraraz betetako telesail berri honen aldibereko estreinaldia egingo du gaur ETB1en, ETB3n eta eitb.eus atarian, 21:00etan. Lehen atala eskaini ostean, ETB3k eta eitb.eus-ek ostiralero emango dute, 21:00etan. Halaber, lehenengo denboraldiko atal guztiak EiTB Nahieranen, Hiru3 APPan eta webgunean izango dira ikusgai otsailaren 28tik aurrera.

Lars Bekkebakken izeneko Norvegiako herri txiki batera joango da bizitzera bere amarekin, eta han konturatuko da bera bezalako pertsona bereziak ez dituztela espero bezain ongi hartzen. Haur arrunta dirudien arren, Lars erdi zonbia da, aitarengandik jasotako geneen ondorioz. Eskolan hil biziduna deituko diote, "zonbi" hitzak duen konnotazio negatiboa ekiditeko eta integratzen laguntzeko. Baina Larsek bizi duen errealitatea oso bestelakoa da.

Bere zonbi izaerak suntsiezin bihurtzen du, eta, hori dela eta, eskola-jazarpena jasaten du etengabe. Eskolako kideek gupidarik gabe botatzen dute teilatutik behera, ondoren nola osatzen den eta bere onera nola etortzen den ikusteko.

Pixkanaka, ezaugarri bereziak dituzten beste haur batzuk ezagutuko ditu, ninjak, sorginak, iratxoak eta trollak, besteak beste. Lagun talde berezia osatuko dute, eta elkarrekin seguruago sentituko dira, bereziak izateagatik baztertzen dituztenen mehatxuetatik salbu. Abentura harrigarriak biziko dituzte eta gizartean euren tokia topatzen saiatuko dira, euren benetako izaera ezkutatuta.

"Lars zonbia" telesailak naturaz gaindiko abenturak biziko dituzten pertsonaia fantastikoak biltzen ditu, gazteez osatutako aktore zerrenda bikainarekin. Komedia dramatiko freskoa da, eta gaztaroko lehen urteetako gairik aipagarrienak jorratzen ditu, hala nola adiskidetasuna, familia eta lehen maitasuna. Betiere, diskriminazioa eta eskola-jazarpenaren testuinguruan, umorearen eta naturaltasunaren ikuspegitik lantzen ditu telesailak gai horiek guztiak.

"Lars zonbia" Norvegiako ekoizpena da, eta arrakasta handia lortu du bai bere herrialdean bai Norvegiako mugetatik kanpo. 2019an, Gullruten telebista sari norvegiarra irabazi zuen hiru kategoriatan: haur eta gazteentzako saio onena, jatorrizko telebista-gidoi onena eta soinu-banda onena. Urte berean, haur eta gazteentzako saiorik onenaren Rose d'Or saria ere lortu zuen Suitzan, baita animaziorik gabeko telesailik onenaren Kidscreen saria ere, Miamin.

Gainera, bi izendapen jaso zituen BANFF Nazioarteko Telebista Jaialdiko Rockie Awads sarietan: 2018an, bata, eta 2019an, bestea.