eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

IZAN HIRU3!

ETB3ren eskaintza zabala, haurrekin etxean egon beharreko egun hauetarako

EiTB.EUS

Etxean ordu asko eman beharko dira txikienekin, eta horretan lagungarri izan nahi dugu. Hori dela eta, ETB3k eskaintzen dituen eduki guztietako batzuk proposatu nahi dizkizuegu.

  • ETB3ren eskaintza zabala, haurrekin etxean egon beharreko egun hauetarako

    ETB3ren eskaintza zabala, haurrekin etxean egon beharreko egun hauetarako

Koronabirusa hedatzea geldiarazteko osasun larrialdi egoera deklaratu ostean, haurren gurasook orain arte inoiz izan ez den egoera bati egin beharko diozue aurre.  Etxean ordu asko igaro beharko dituzue txikienekin, eta horretan lagundu nahi zaituztegu. Hori dela eta, etxean egon beharreko egun hauetan, ETB3k eskaintzen dituen eduki guztien artean aukeraketa bat egin dugu, betiere haurren adina kontuan hartuta. Halaber, saio, telesail edo marrazki bizidun bakoitzak zein balio sustatzen dituen jakinarazi nahi dizuegu. Badakizue, zuek ere, haurrekin batera, IZAN HIRU3!

"3 Ene Kantak": Ene Kantak taldearen "3 Ene Kantak" saioa dugu ikusgai egunero ETB3 telebista kanalean eta eitb.eus atarian.  Eneko, Nere, Urbi, Astonauta, Satorjator, Astotxiki eta Satortxiki ETB3 kanaleko, Hiru3 webeko eta HIRU3 APPko partaide dira, eta abesti eta dantza-ikuskizun jostagarriak eskaintzen dituzte. Izan ere, astero eskola batera joaten dira, bideoklip berri bat grabatzeko asmoz.

Saioak hainbat atal ditu: irakurzaletasuna bultzatzekoa, margolanen ingurukoa, gure erraldoi eta konpartsen aurkezpena, bideoklipen koreografiak ikasteko Dantzateka izeneko atala eta Astotxiki eta Satortxiki txotxongiloek umorez betetakoa.

Adinari erreparatuz gero, berriz, ondorengo eduki proposamena egin nahi dizuegu:

0-4 urte

"Rita eta Krokodiloa": Rita 4 urteko haurra da eta bere lagunik onena krokodiloa da. Haurtzaroko emozioei buruzko haurrentzako serie koloretsua da "Rita eta krokodiloa". Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, adiskidetasuna eta lankidetza, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

"Txiki iletsu": Milaka abentura dibertigarri biziko ditu izaki iletsu honek, baina bere adimenari eta sormenari esker bidean topatzen dituen oztopoak gaindituko ditu. Sustatzen dituen balioak: entretenimendua, jarrera kritiko eta arduratsuak, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

"Patri postari": Pat herri txiki bateko postaria da, eta Jess izeneko katu txuri-beltzarekin doa edonora. Pat eta Jess beti dabiltza herriko gutunak banatzen eta bizilagunei laguntzen. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, adiskidetasuna eta lankidetza, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

"Noddy, Jostailandiako detektibea": Noddyk, Jostailandiako detektibeak, abentura asko bizi izango ditu jostailuen herrialdean bere lagunekin batera. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, jarrera kritiko eta arduratsuak, adiskidetasuna eta lankidetza.

"Kaixo Timmy": Timmy arkumetxoak 3 urte ditu, eta Shaun arditxoaren lehengusua da. Timmy bihurria da, eta arazoetan sartzen da, behin eta berriz, baina lagunen laguntzaz oztopoak gainditzen ditu. Sustatzen dituen balioak: adiskidetasuna eta lankidetza eta entretenimendua.

"Olivia": Olivia irudimen handia duen txerri txiki bat da. Etorkizunean eta handitan zer izan nahi duen pentsatzen ematen du denbora osoa. Eguneroko zailtasunak lagunei eta familiari esker konpontzen ditu. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, genero berdintasuna, adiskidetasuna eta lankidetza, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

"Maya erlea": Maya erle txiki eta bihurria da, baina bihotz onekoa. Willi erlamandoa, Flip matxinsaltoa, Puck eulia, Kurt kakalardoa, Alejandro arratoia eta beste hainbat lagun izango ditu bidaide erle abenturazale honek. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, jarrera kritiko eta arduratsuak, entretenimendua, adiskidetasuna eta lankidetza.

5-7 urte

"Bat Pat": Bat Pat saguzarrak, Martin, Leo eta Rebecca neba-arrebekin batera, misterioak argitu eta bideak zeharkatuko ditu, naturaz gaindiko izakiak aurkituz. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, adiskidetasuna eta lankidetza.

"Dora esploratzailea": Dorak, zazpi urte dituen neskatoak, Boots lagunarekin batera bere inguruko mundua arakatuko du. Ikusleei laguntza eskatuz, objektuak edo tokiak bilatuko dituzte bi lagunek. Halaber, bidean aurkituko dituzten arazo ezberdinak konpontzen ahaleginduko dira. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, genero berdintasuna, jarrera kritiko eta arduratsuak, adiskidetasuna eta lankidetza, ezagutzaren eta kulturaren balioespena, ohitura osasungarriak.

"Txau, Txau, Txio eta Panda": Txau Txau, Txio eta Panda lagunek Hatty hamsterraren deia jasoko dute, eta abentura ezberdinak biziko dituzte. Atal bakoitzean Hattyk galdera bat egingo du, eta hiru lagunek erantzun bat emango dute. Ondoren, Hattyk ikus-entzuleei galdetuko die hiru lagunek emandako erantzunetatik zein den zuzena. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

"Ozen galduta": Dorothy Gale neska azkarra Ozeko lurraldean sartuko da Toto txakurrarekin batera. Etxera itzultzeko abentura ugari biziko dituzte biek. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, genero berdintasuna, adiskidetasuna eta lankidetza.

"Yoko eta lagunak": Oto, Mai eta Vik parkean elkartzen dira jolasteko. Yoko batzen zaie han, basoko jeinu kumea. Yokok eguneroko jolasak hartu, eta abentura ikusgarri bihurtzen ditu. Nahikoa da umeak enbor baten gainean piratetan jolasten hastea, Yokori esker, bat-batean, benetako itsasontzi pirata batean, itsasoa zeharkatzen aurkitzeko. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, genero berdintasuna, adiskidetasuna eta lankidetza, ohitura osasungarriak.

"Zuhaitz etxeko istorioak": Haur literatura edo irakurzaletasunarekin lotutako marrazki bizidunak. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, genero berdintasuna, jarrera kritiko eta arduratsuak, adiskidetasuna eta lankidetza, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

"Spirit zaldi askea": Lucky Far Westeko herri txiki batera heldu da, eta Spirit zaldi askea ezagutu du bertan. Bi lagunek milaka abentura biziko dituzte. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, genero berdintasuna, jarrera kritiko eta arduratsuak, adiskidetasuna eta lankidetza, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

"Pin Kodea": Pasarte bakoitzean, Kikoriki tripulatzaileak abentura basati berri bati ekingo dio, aurrez aurre dauden sorpresa eta arriskuei aurre eginez. Sustatzen dituen baloreak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, ezagutzaren eta kulturaren balioespena.

 8 urtetik aurrera

"Lars Zonbia": Bekkebakken izeneko Norvegiako herri txiki batera joango da bizitzera Lars bere amarekin, eta han konturatuko da bera bezalako pertsona bereziak ez dituztela espero bezain ongi hartzen. Haur arrunta dirudien arren, Lars erdi zonbia da, aitarengandik jasotako geneen ondorioz. Eskolan 'hil biziduna' deituko diote. Sustatzen dituen balioak: euskara eta hizkuntza, entretenimendua, jarrera kritiko eta arduratsuak, adiskidetasuna eta lankidetza.

"Go!azen": Azken urteetan Basakabi udalekuetara joan diren gazteak nagusi egin zaizkigu, eta beste plan batzuk izango dituzte udako oporretarako. Baina Basakabik zabalik jarraitzen du, eta ikasle berriak hartuko ditu: Eneko, Maddi, Aimar, Eider, Gabo eta beste hainbat gazte ezagutuko ditugu oraingoan.

"3zpa4": Musika talde bat osatu nahi duten lau gazteren gorabeherak. Protagonistak, Jon, Maider, Amets eta Izaro, lokalean ikusiko ditugu, Maiderren aitonak entseguak egiteko utzi dien lokalean.

Gogoratu, bestalde, aipatutako marrazki bizidunak, saioak eta telesailak nonahi eta noiznahi ikus ditzakezuela HIRU3 APPan, webean eta HbbTVan.

IZAN HIRU3!