eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

09:00etatik 12:00etara egunero

"Bitartean, Etxetik Ikasten" Jaurlaritzak eta EiTBk bultzatutako saio berria, ETB3n

EiTB

Irakaskuntza indartzeko hezkuntza-saioa bereziki, etxean euskarri teknologikorik ez duten ikasleei zuzenduta egongo da. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 12:00etara, ETB3n eta eitb.eus-en.

1:00
''Bitartean, Etxetik Ikasten''

Hezkuntza-saio berria eskaintzen dute, egunero, ETB3k eta eitb.eus-ek, Jaurlaritzak eta EiTBk bultzatuta. "Bitartean, Etxetik Ikasten" izenburupean, programaren helburua ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea izango da, batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena. Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat. Hezkuntza-saio hau euskaraz eskainiko da, eta dagozkien curriculumei lotutako edukiak bilduko ditu.

Basurto ikastetxe publikotik egingo dira saioak. Egunero, 09:00etatik 12:00ak arte, ikasleen curriculumekin loturiko hainbat eduki eskainiko dira. 30 minutuko piluletan, maila bakoitzari dagozkion materiak landuko dira.

Era berean, Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa da "Bitartean, Etxetik Ikasten" saioa interaktibo bihurtzea. Horrela, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak bidali ahalko dituzte, eta horien erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan jasoko dituzte.

Atalak eta gaiak

Egunero, "Bitartean, Etxetik Ikasten" saioa Aldaba izeneko tartearekin irekiko da. Irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea izango da: jasotako argazkiak, audioak, kezkak eta galderak erakusteko momentua. Programan ikasleen interakzioa bilatu nahi da. Horretarako, irakasleek haurrei gonbidapena egingo diete beraien galderak bidaltzeko, eta hurrengo saioetan galdera horiei erantzungo zaie.

Orobat, egunean hiru orduko eskola hauetan denetariko gaiak jorratu dira, hainbat ataletan banatuta.

Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta.

Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna (hitz-jokoak, aho-korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak, ipuinak, bitxikeriak...), idatzizko adierazpena ahaztu gabe.

Mugi-mugi atalak itxialdian gauden bitartean gorputza lantzeko ariketak proposatuko ditu.

Hari-mataza tartean, berriz, matematikaren txanda izango da: buruketak, mahai-jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak...

English corner izenekoan, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak (errutina, hiztegia, irakurketa, olerkiak, marrazki bizidunak eta albiste laburrak), betiere ikusteko euskarriaz lagunduta.

Gizarte Zientziak landuko dira Munduaren birak atalean, eta bertan zuhaitz genealogikoaz eta norberaren bizitzaren kronogramaz jardungo dute, besteak beste.

Zientzia edonon sailak, aldiz, metodo zientifikoaren erabilera egunerokotasunean eta esperimentazioa jorratuko ditu, eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak ere erakutsiko dira. Teknologia konpetentziari eskainitako denboran, modu errazean, jolasen bidez eraikitzea sustatuko da.

Musikak izango du, berebat, bere lekua. Ttakun-ttakun atalean, musika-adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira.

Eta azkenik, Bitakorak egingo du egunaren itxiera, zer ikasi den errepasatzeko eta ikusleak gune interaktiboan parte hartzera gonbidatzeko.

Hori guztia ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gain, Hiru3ko euskarri digitaletan ere jasoko da ondoren (webgunean, APPan, HBBTV eta Smart TV zerbitzuetan).