eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Audientzia

"Bitartean, Etxetik Ikasten" saioak audientziaren erantzun bikaina izan du

EiTB

Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleei zuzendutako saioak etxean euskarri teknologikorik ez duten ikasleei laguntzea du helburu nagusia. Egunero da ikusgai ETB3n eta eitb.eus-en.

0:26
'Bitartean, etxetik ikasten', astelehenetik ostiralera ETB3n.

Astelehenean, martxoaren 30ean, "Bitartean, Etxetik Ikasten" saioaren estreinaldiak audientziaren erantzun bikaina lortu zuen: % 5,2ko audientzia-zatia eta 50.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Halaber, 4 eta 12 urte bitarteko haurren artean nagusi izan zen, % 62,9ko kuotarekin.

EiTBk eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Bitartean, Etxetik Ikasten" saioaren helburua ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea da, batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena. Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat. Saioa astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 09:00etatik 12:00etara, ETB3n eta eitb.eus-en.

Atalak eta gaiak

Egunero, "Bitartean, Etxetik Ikasten" saioa Aldaba izeneko tartearekin irekiko da. Irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea izango da: jasotako argazkiak, audioak, kezkak eta galderak erakusteko momentua. Programan ikasleen interakzioa bilatu nahi da. Horretarako, irakasleek haurrei gonbidapena egingo diete beraien galderak bidaltzeko, eta hurrengo saioetan erantzungo diete galdera horiei.

Orobat, egunean hiru orduko eskola hauetan denetariko gaiak jorratu dira, hainbat ataletan banatuta.

Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta.

Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna (hitz-jokoak, aho-korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak, ipuinak, bitxikeriak...), idatzizko adierazpena ahaztu gabe.

Mugi-mugi atalak itxialdian gauden bitartean gorputza lantzeko ariketak proposatuko ditu.

Hari-mataza tartean, berriz, matematikaren txanda izango da: buruketak, mahai-jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak...

English corner izenekoan, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak (errutina, hiztegia, irakurketa, olerkiak, marrazki bizidunak eta albiste laburrak), betiere ikusteko euskarriaz lagunduta.

Gizarte Zientziak landuko dira Munduaren birak atalean, eta bertan zuhaitz genealogikoaz eta norberaren bizitzaren kronogramaz jardungo dute, besteak beste.

Zientzia edonon sailak, aldiz, metodo zientifikoaren erabilera egunerokotasunean eta esperimentazioa jorratuko ditu, eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak ere erakutsiko dira. Teknologia konpetentziari eskainitako denboran, modu errazean, jolasen bidez eraikitzea sustatuko da.

Musikak ere izango du bere lekua. Ttakun-ttakun atalean, musika-adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira.

Eta azkenik, Bitakorak itxiko du egunero saioa, zer ikasi den errepasatzeko eta ikusleak gune interaktiboan parte hartzera gonbidatzeko.

Hori guztia ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gain, Hiru3ko euskarri digitaletan ere jasoko da ondoren; webgunean, aplikazioan, HbbTV eta Smart TV zerbitzuetan.