eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Haur programazioa

Euskarazko marrazki bizidun eta filmen estreinaldiak, maiatzean, ETB3n

EiTB

"Mike miragarria" marrazki bizidunak eta "Ballerina" eta "Sagu eta Pagu" pelikulak estreinatuko dira ETB3n. Gainera, "Floorren arauak" telesaila izango da ikusgai laster, ETB3n.

  • Maiatzeko programazioa

    Maiatzeko programazioa

Maiatzean sartzearekin batera, marrazki bizidun eta telesail berriak eta filmen estreinaldiak iritsiko dira ETB3ra: "Mike miragarria" marrazkien atalak, 2020an haurrei zuzendutako telesail onenaren saria jaso duen "Floorren arauak" telesaila eta "Ballerina" eta "Sagu eta Pagu" pelikulak, besteak beste. Hala ere, ohiko saioak ere ez dira faltako ETB3n: "Bitartean, Etxetik Ikasten", "3 Ene Kantak", "Myago" eta gainerako marrazki bizidunak.

"Bitartean, Etxetik Ikasten", "3 Ene Kantak" eta telesail eta marrazki bizidun berriak

Maiatzean ere, "3 Ene Kantak"eko lagunak izango dituzu zain, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez, 08:45ean eta 20:30etan. Asteburuan, berriz, goizeko saioa 09:30ean hasiko da. Urtebetetze bideoak, berriz, goizeko eta arratsaldeko saioetan ematez gain, 14:00etan izango dira ikusgai egunero.

Astelehenetik ostiralera, "3 Ene Kantak" saioaren ostean, 09:00etan hasi eta 12:00ak arte, "Bitartean, Etxetik Ikasten" saioarekin irakurmena, matematika, ingelesa eta beste hainbat ikasgai landuko dira.

Euskarazko marrazki bizidunak ere ez dira faltako. Maiatzaren 4tik aurrera, gainera, "Mike miragarria" marrazki bizidun berriak ikusteko aukera egongo da. Mike gustu sofistikatuak dituen bulldoga da, lasaitasunarekin disfrutatzen duena. Goizero, esnatzean, gauza bera du buruan: Iris, bizilagunaren txakur dotorea, txunditzea. Atal hauek astelehenetik ostiralera izango dira ikusgai, 15:15ean, eta astelehenetik ostegunera, iluntzean, 20:55ean.

Halaber, orain arteko marrazki bizidunekin ere izango duzu hitzordua: "Myago","Dora esploratzailea", "Bat pat", "Pippi Kaltzaluze" eta "Raa Raa lehoi orrolaria" marrazki bizidunen atalekin, besteak beste.

Gogoan izan, ohi bezala, saio, telesail eta marrazki bizidun hauek guztiak HIRU3ko euskarri teknologikoetan ere ikus ditzakezula: webgunean, app-an eta HbbTVan.

Animazio filmak

Astero, sei egunetan, animazio filmak euskaraz ikusteko aukera egongo da ETB3ko arratsaldeetan: astelehenetik ostiralera, 15:55ean, eta igandeetan, 15:30ean. Gainera, "Ballerina" pelikula maiatzaren 8an estreinatuko da, 21:00etan.

Bestalde, "Sagu eta Pagu" filma, berriz, maiatzaren 9an estreinatuko da, eta, horiez gainera, hauek dira ikusgai izango diren pelikuletako batzuk: "7. ipotxa", "Ardiak eta otsoak", "Tximinoen erresuma" eta "Doraemon eta altxor uhartea".

"Floorren arauak" telesaila, laster, ETB3n

Laster, gazteei zuzendutako telesail berri bat estreinatuko da: "Floorren arauak". 2020an haurrei zuzendutako telesail onenaren Emmy saria jaso du.