eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Udako programazioa

Gozatu udako programazio bereziaz, ETB3n

EiTB

"Isatsdun heroiak: animalien detektibeak" telesaila, "Altxor jagoleak" marrazki bizidun berriak, film luzeak eta abar izango dira ikusgai ETB3n.

  • Udako programazioa

    Udako programazioa

Udako oporraldia ahalik eta ondoen igarotzeko, programazio berezia osatu du ETB3k. "Altxor jagoleak" marrazki bizidun berriak eta "Isatsdun heroiak: animalien detektibeak" telesaila izango dira haurrentzako udako programazioaren berrikuntza nabarmenenak. Horiez gain, "Lars zonbia" telesaila (astelehenetik ostiralera) izango da ikusgai. Halaber, "3 Ene Kantak" saioaren atal ezberdinak astelehenetik ostiralera eskainiko dira, eta film luzeak izango dira ikusgai igandeetan, 15:30ean.

"Isatsdun heroiak: animalien detektibeak" telesaila

Astelehen eta astearteetan, "Erronkan"en ostean, "Isatsdun heroiak: animalien detektibeak" telesail berria eskainiko ditu ETB3k. Istorio ezberdinen atzean dagoen haur-talde bati jarraitzen dio telesailak. Lagunak online komunikatzen dira eta animalien ekintza heroiko bereziekiko grina dute. Atal bakoitzean, lagun kuadrillak ekintza heroikoa ikertzen du.

Bestalde, "Lars zonbia" telesaila eskainiko du ETB3k astelehenetik ostiralera. Lars Bennebakken izeneko Norvegiako herri txiki batera joango da bizitzera bere amarekin. Han konturatuko da bera bezalako pertsona bereziak ez dituztela espero bezain ongi hartzen. Haur arrunta dirudien arren, Lars erdi zonbia da, aitarengandik jasotako geneen ondorioz.

Marrazki bizidun berriak eta film luzeak

Ekainaren 22tik aurrera"Altxor jagoleak" marrazki bizidun berria eskainiko du ETB3k astelehenetik ostiralera. Halaber, orain arteko marrazki bizidunekin ere izango duzu hitzordua; "Jinglekids", "Dora esploratzailea", "Myago", "Maya erlea", "Pippi Kaltzaluze" eta "Raa Raa lehoi orrolaria" marrazki bizidunen atalekin, besteak beste.

Gainera, filmek ere badute euren lekua ETB3ko parrilan. Igandeetan izango dira ikusgai, 15:30ean hasita. Halaber, aste barruan ere izango duzu film luzeak ikusteko aukera.

Marrazki bizidun berriak eta pelikulak zein ordutan eskainiko diren jakiteko, ETB3ko programazioa kontsultatu.

"3 Ene kantak"

"3 Ene Kantak" saioaren lehen denboraldia amaitu den arren, ikasturte honetako une ezberdinak ekarriko dira gogora astelehenetik ostiralera, 09:30ean. Halaber, urtebetetze bideoarekin zorionduko ditugu HIRU3 klubeko bazkideak egunero: 09:30ean, 14:00etan eta 20:30ean.

Aplikazioan eta webgunean ikusgai, noiznahi

Gogoratu HIRU3 aplikazioan, webgunean eta HbbTVan ere badirela ETB3ko marrazki bizidunak, mugikorrean zein tabletean ikusteko. Badakizu, marrazki bizidun gogokoenak, azken nobedadeak zein kapitulu berriak modu erosoan, nahi duzun lekuan eta unean ikusteko, HIRU3 da zure aukera!