eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

15:30ean

Ikastetxeen arteko erronka dibertigarriak, ETB3ko "Erronkan" saio berrian

EiTB

EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailak elkarlanean sortutako saioa Iholdi Beristainek eta Ekain Ibargurenek aurkeztuko dute.

  • ETB3ko "Erronkan" saioaren aurkezpeneko irudia EiTBren Bilboko egoitzan

    Itziar Gomez, Iholdi Beristain, Ekain Ibarguren, Miren Dobaran eta Maite Iturbe. Argazkia: EiTB

Astelehen honetan, ekainak 15, "Erronkan" saio berria estreinatu da ETB3n, Iholdi Beristainek eta Ekain Ibargurenek aurkeztuta. EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailak batera sortutako ekimen hau 6-10 urteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago. 

Ekainaren 11n aurkeztu zuten Pausokak eta ETBk ekoizten duten saioa, Bilbon, eta, bertan, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak, Itziar Gomez "Erronkan" saioaren zuzendariak eta Iholdi Beristain eta Ekain Ibarguren aurkezleek hartu zuten parte. 

Saio bakoitzean, bi ikastetxek hartuko dute parte. Euskara modu erakargarrian edo dibertigarrian jasoz, hainbat erronka proposatuko zaizkie: fisikoak, sukaldaritzari buruzkoak, magiarekin zerikusia dutenak, eskulanak, zientzia esperimentuak eta hizkuntzarekin lotutakoak (bertsoak, olerkiak, rap...). 

Batetik, aurkezleek proposatutako erronkak egin beharko dituzte ikasleek, eta, bestetik, Eskolen Erronka atalean, ikasleak eurak izango dira erronkak proposatuko dituztenak. Iholdi eta Ekain aurkezleak erronka horiek egiteko gai ote diren ikusi ahalko dugu atal bakoitzean. 

Aurkezleak aurpegi ezagunak dira ETBko ikusle gaztetxoenentzat: Iholdi Beristain (Portugalete, 2000) abeslari eta aktore gazteak "Bago!az" lehiaketa irabazi zuen eta oraintsu arte ikusi dugu "Go!azen" telesailean Naia Badiola gorpuzten. Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996), berriz, pailazoa izateaz gainera, ETB3ko "3zpa4!" saioko Amets izan da bi denboralditan, eta malabarista da Gure Zirkuan. 

Saio bakoitzean, tablet bat zozkatuko du saioak lehiakideen artean, Euskaltelen eskutik. Guztira, 22 ikastetxek parte hartuko dute, eta aurrez aurre arituko dira: Etxebarriko Kukullaga Ikastetxea - Gasteizko Aranbizkarra Ikastola; Bastida Ikastola - Bilboko Nuestra Señora del Pilar Ikastetxea; Igeldo Herri Eskola - Ondarroako Zaldupe Eskola; Gasteizko Barrutia Ikastola - Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastola Publikoa; Zarauzko Orokieta Herri Eskola - Elgoibarko Herri Eskola; Lizarra Ikastola - Loiuko Lauro Ikastola; Amorotoko Eskola - Leioako Askartza Claret Ikastetxea; Beasaingo Murumendi Eskola - Gasteizko Angel Ganivet - Santa Luzia Herri Ikastetxea; Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastola - Bilboko Basurto Ikastetxea; Lezo Herri Eskola - Durangoko San Antonio Ikastetxea; Jesuitak Donostia Ikastetxea - Legazpiko Haztegi Ikastola.

Ekainaren 15etik aurrera, astelehenetan eta astearteetan eskainiko da saioa, 15:30ean, ETB3n eta eitb.eus-en. Orobat, erronka guztiak eitb.eus/eu/hiru3/erronkan helbidean izango dira ikusgai, eta baita Hiru3 aplikazioan zein Hiru3 telebista konektatuetan ere.