eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Udazkeneko programazioa

"Rabbid inbasioa" marrazki bizidun berriak, ETB3ko udazkeneko programazioan

EiTB

"Rabbid inbasioa" marrazki bizidun berriak, "3 Ene Kantak" eta "Lur eta Amets, hau bai abentura" saioak eta film luzeak izango dira ikusgai ETB3n; eta baita, HIRU3ko euskarrietan ere.

0:21

Beste urte batez, udazkenean ere, haur eta gazteei zuzendutako marrazki bizidun eta filmen eskaintza zabala eskainiko du ETB3k. “Rabbid inbasioa” marrazki bizidunen estreinaldia izango da, urriaren 5ean. Halaber, “3 Ene Kantak” saioa eta “Lur eta Amets, hau bai abentura!” saioak jarraitzeko aukera ere egongo da. Horretaz gain, igandetan, film luzeak izango dira ikusgai, 15:30ean. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak ere ez dira faltako.

Marrazki bizidunak

Urriaren 5etik aurrera, aurpegi berriak izango dira ETB3n. “Rabbid inbasioa” marrazki bizidun berrien bi atal izango dira ikusgai. Marrazki bizidun frantsesaren protagonistak untxiak dira. Urpekari formako ontzi batean Pertzel paradisuaren bila joango dira. Ontzi horrek, ordea, estralurtarren teoriarekin itsututa dagoen eta famatu izan nahi duen gazte baten arreta deituko du. Atalak, astelehenetik ostiralera eskainiko dira, 15:30ean eta 20:30ean. Asteburuan, berriz, 14:35 aldera eta gaueko 21:00ak inguruan.

Horiez gain, marrazki bizidun gehiago ere emitituko dira egunean zehar Euskal Telebistaren hirugarren katean: “Roger”, "Jinglekids", “Mike miragarria”, “Altxor jagoleak”, “Isatsdun heroiak: animalien detektibeak”, “Bat Pat” eta abar.

“3 Ene Kantak” eta “Lur eta Amets, hau bai abentura!”

“3 Ene Kantak” saioren bigarren denboraldia ere haurrei zuzendutako ETB3 telebista katean eta eitb.eus-en izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera. Arratsaldeko saioak ordutegi aldaketa izango du eta 20:00etan hasiko da. Goizeko programa, berriz, 08:15ean mantenduko da. Urtebetetze argazkien bideoa, berriz, eguneko bi ataletan ikusteaz gain, astelehenetik igandera 14:00etan eskainiko da; eta asteburuan, goizeko 09:30ean.

Eduki guztiak webgunean eta app-an egongo dira ikusgai telebistan eskaini eta berehala. Gainera, saioaren eduki esklusiboez gozatzeko aukera izango duzu HIRU3 app-an.

Aurtengo nobedadeetako bat izan da “Lur eta Amets, hau bai abentura!” saioa. Bertan, “Lur eta Amets” filmaren zatiak izango dira ikusgai eta ondoren, lehiaketa egingo dute bi helduk eta bi umek osatutako bikoteekin. Hau guztia, larunbatetan eta igandetan izango da emisioan, 15:00etatik aurrera.

Ikuskizun bereziak

Udazkenean zehar Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Bizi dantza" ikuskizuna eskainiko du ETB3k. Aurtengo ikuskizun berria ondorengo egunetan eta orduan emitituko da Euskal Telebistaren hirugarren katean: azaroaren 1ean eta abenduaren 8an, arratsaldeko 15:30ean.

Bestalde, hirukote horren "Musua" ikusteko aukera ere egongo da: urriaren 12an eta abenduaren 7an, arratsaldeko 15:30ean.

Film luzeak, igandero, ETB3n

Udazkenean ere filmen emanaldiek jarraituko dute ETB3n. Zehazki, igandetan eskainiko dira, 15:30ean. Hauxe da urriaren 11tik 20ra bitartean emango diren pelikulen zerrenda:

- Urriak 11: Doraemon, Antartikako abentura handia

- Urriak 18: Doraemon eta sirenen kondaira

- Urriak 25: Doraemon hegaztien mundu miragarrian

- Azaroak 1: Alfonbra magikoa

- Azaroak 8: Doraemon eta altxor uhartea

- Azaroak 15: Albert

- Azaroak 22: Itsasontziak, erreskatean!

- Azaroak 29: Igelen erresuma

- Abenduak 6: Axel, heroi txikia

- Abenduak 13: Sagu eta Pagu

- Abenduak 20: Koko dragoi txikia

Edukiak noiznahi ikusgai, HIRU3ko euskarrietan

Gogoratu HIRU3 aplikazioan, webgunean eta HbbTVan ere ETB3ko marrazki bizidunak, saioak eta hainbat pelikula ikus daitezkeela. Badakizu, marrazki bizidun gogokoenak, azken nobedadeak zein kapitulu berriak modu erosoan, nahi duzun lekuan eta unean ikusteko, HIRU3 aplikazioa da zure aukera!

Eitb3 Youtube kanalean ere “3 Ene Kantak” saioko eduki guztiak ikusteko aukera egongo da programa eman eta astebetera. Gainera, “Go!azen”, “3TXULO” eta “3zpa4” saioetako edukiak ikus daitezke dagoeneko. Harpidetu zaitez eitb3 Youtube kanalean.