3kluba
Zinetxiki Zinemaldia
Zinetxikiko hainbat film labur, ETB3n eta 3 Klubaren euskarri digitaletan ikusgai
EITB MEDIA
Zinetxiki Zinemaldia abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra ospatuko da Bilbon. Jaialdian eskainiko diren animaziozko hainbat film ETB3n eta 3 Klubaren euskarri digitaletan ikusteko aukera izango da.
-
Zinetxiki Zinemaldia
Zinetxiki Haur eta Gazteentzako Nazioarteko Zinemaldia Bilbon egingo da abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra. Beraz, ikusleek film eskaintza zabala izango dute eskura, bi astetan. Aurtengo edizioan, zinema-jaialdi honen atal ofizialak 29 herrialdetako 111 film erakutsiko ditu. Bilboko Arte Ederren Museoko auditorioan ikusi ahalko dira aurrez aurre. Horrez gain, zinemaldiak irauten duen bi asteetan zehar, ETB3n eta 3 Klubaren euskarri digitaletan eskainiko dira pelikula hautatuak.
Jaialdiko filmak, ETB3n eta 3 Klubaren euskarri digitaletan
Zinetxiki jaialdiarekin bat eginik, haur eta gazteentzako zinema-jaialdiari keinu berezia egingo diote ETB3 kateak eta 3 Klubak. Hartara, aurtengo jaialdira aurkeztutako hainbat animaziozko film labur izango dira ikusgai ETB3n, abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an, 10:00etan hasita. Halaber, erabiltzaileak 3 Klubaren euskarri digitaletan ere izango ditu ikusgai film horiek.
Zinemaldia, abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra
Zinemaldirako hautatutako filmak, bestalde, 9 egunetan eta 12 saiotan izango dira ikusgai. Abenduaren 19an abiatuko da jaialdia, 12:00etan, kontzertu berezi batekin. Javier Salutregiren eskutik, zinemaren historiako lehen aroa omenduko dute hainbat filmetako abesti ezagunak eskainita.
Abenduaren 23an, 12:00etan, Kubik izango da ikusgai. Teatro Paraiso taldeak irudi eta soinuz betetako ikuskizun berri bat aurkeztuko du. Horman Poster taldeak, berriz, Itzalak Figuratzen performancea aurkeztuko du abenduaren 28an, 12:00etan. Itzalak eta gorputza bera izango dira ikuskizun berritzailearen protagonistak.
Urtarrilaren 3an, jaialdiari amaiera emateko saioan, sail ofizialeko irabazleen berri emango dute antolatzaileek, eta Javier Salutregik zinema kontzertua zuzenduko du.