eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Haurrentzako komunitatea

3 klubak Antxus maskota berria estreinatu eta kide txartela igorri die bazkideei

EITB MEDIA

Urte berriarekin batera, eskutitza igorri die 3 klubak kide guztiei. Bertan, klubeko txartela eta eskumuturrekoa jaso dute, Antxus maskota berriaren irudiarekin.

  • 3 klubeko eskutitzaren, txartelaren eta eskumuturrekoaren argazkia, Antxusen irudiarekin

    3 klubeko eskutitzaren, txartelaren eta eskumuturrekoaren argazkia, Antxusen irudiarekin. EITB Media

EITBren 3 klubak maskota berria du: Antxus txoria. Berezia bezain bihurria da Antxus: kalakari fina eta berba-lapikoa, kantuan zein txorrotxioka ematen du eguna. Jada webgunean eta telebistan ikusiko zuten etxeko txikienek, tartean "3 Ene Kantak" saioko protagonistekin.

Izan ere, urte berriarekin batera, maskota berria estreinatu du 3 klubak, haurrentzako EITBren komunitateak. Gainera, maskota horren irudiarekin eskutitza igorri die kide guztiei. Gutunean kide txartela eta eskumuturrekoa jaso dute haurrek, opari. Beraz, orain arte bezala, zozketa eta abantailez gozatzeko aukera izango dute baina, aurrerantzean, gainean eraman ahal izango dute txartela eta eskura izan beti kide zenbakia. Horrez gain, eskumuturrekoa jantzi ahal izango dute, Antxus lagun berria irudiarekin.

25.000 bazkidetik gora eta hainbat abantaila eta opari

3 kluba EITBk haurrentzat sortutako komunitatea da, eta 25.000 kide baino gehiago ditu jada. Denei igorri zaie eskutitza urte hasieran (urtarrilean zehar edo otsaila hasieran).

3 klubeko kidea izatea doakoa da, eta txikienek hainbat abantaila eta opari lortu ditzakete. Hala, zozketa guztietan parte hartu eta sariak irabazteko aukera dute: ekitaldi, museo zein parkeetarako sarrerak, produktu sortak, liburuak… Gainera, hilero, kide berri guztien artean opari sorta bat zozkatzen du 3 klubak.

Horrez gain, urtebetetze egunean, kideak zoriontzen ditu klubak, eta etxeko txikienaren argazkia telebistan eta webgunean agertzeko aukera ematen du, Zuri Zorionak tarte arrakastatsuan.

3kluba webgunean Kide Gunea izeneko atal berezia dute bazkideek, xehetasun eta abantaila guztiekin.

Haurrentzako eskaintza zabala

2021 honetan ere txikienek izango dute zer ikusi eta zertaz gozatu ETB3n: pelikulak, ikuskizun eta emanaldi bereziak, saio berriak eta gogokoen dituzten marrazki bizidunak.  

Gainera, 3 klubak euskarri digitalen aldeko apustuari eutsiko dio aurten ere, eta eskaintza zabala izango da bertan: telebistako marrazki bizidun guztien atalak ikusgai daude 3 kluba aplikazioan zein telebista konektatuetan, eta hainbat marrazki bizidun plataforma digitaletan estreinatzen ari dira, telebistan eman aurretik. "Hau da Joey", "Gormiti", "Blinky Billen abenturak" eta "Kiddetak" marrazki bizidunak, adibidez, app-an, webgunean eta HbbTVn estreinatu dira, telebistan eman aurretik.