eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

2021/03/01

10:01

3kluba

3 klubak eta Txikipediak galdera-erantzunen lehiaketa jarri dute martxan

EITB MEDIA

Haur eta gaztetxoentzako entziklopedia askeak eta 3 klubak elkarlanean osatu duten ekimena martxoaren 1etik 14ra bitartean egongo da abian eta irabazleak mahai-jolasez osatutako opari-sorta jasoko du.

  • 3 klubak eta Txikipediak elkarlanean osatutako ekimena

    3 klubak eta Txikipediak elkarlanean osatutako ekimena

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

3 klubeko kideek galdera-erantzunen lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute, Txikipedia haur eta gaztetxoentzako entziklopedia askearekin batera osatutako ekimenean. Astebete izango dute erabiltzaileek parte hartzeko, martxoaren 1ean abiatuko da lehenengo lehiaketa, eta martxoaren 8an bigarrena. Ondo erantzuten duten guztien artean zozketa egingo da, eta aste bakoitzeko zozketaren irabazleak mahai-jolas sorta bat jasoko du, honako opariez osatutakoa:

- Igarri Migarri (Ikastolen Elkartea)

- Familien karta-jokoa (Elkar, Katxiporreta)

- Enigmak (Ttarttalo)

- Ezagutu Euskal Herriaren historia - Lur eta Amets (Katxiporreta, Elkar, Ikastolen Elkartea)

- Uzta Batzera! Jolas kooperatiboa (Ikastolen Elkartea)

Irabazleen izenak webgunean argitaratuko ditugu, eta horiek etxean jasoko dute mahai-jolas sorta.

3 klubeko bazkide ez direnek hemen eman dezakete izena. Horrela, zozketetan parte hartzeko aukera izateaz gain, hainbat abantailaz gozatu ahalko dute.

Txikipedia mugikorrean ere eskuragarri

2018an sortu zen Txikipedia, 8-13 urteko haur eta gaztetxoentzat egokitutako euskarazko Wikipedia, eta ia lau urteko ibilbide honetan entziklopedia txiki eta aske hau ia 3.000 artikulu izatera iritsi da.

Orain, gainera, tresna ahalik eta eskuragarrien eta erabilgarrien egiteko asmoz, mugikorretarako aplikazioa ere prest dago Android eta iOS sistemetarako. Aplikazioa deskargatzeko loturak txikipedia.eus orrian eskuratu daitezke, eta, hartara, Txikipedian edozein kontsulta modu erraz eta azkarrean egin ahalko da mugikorra erabiliz.

Eskolako beharretan pentsatuz egina da bereziki Txikipedia, baina edozeinek kontsultatzeko modukoa ere bada Wikipediaren bertsio laburtu edo errazago hau. Halaber, Txikipedia wiki proiektuan edonork parte har dezake artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz, Txikipedia erabiliko duten gaztetxoek editatzen ikasi eta ekarpenak eginez.