eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

2021/04/30

00:05

3kluba

Nazioarteko arrakasta

"Hardball" gazteentzako komedia berria, ostiraletan, ETB1en

EITB MEDIA

Lagunarteko euskararen erabilera sustatzeko asmoz, EITBk ahalegin berezia egin du "Hardball" fikzioaren bikoizketan.

0:35
Mickey
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

ETB1ek "Hardball" gazteentzako telesail berria estreinatu du. Nazioarteko arrakasta den ekoizpen australiarra ostiralero izango da ikusgai "Gaur Egun" albistegiaren ondoren, 21:00ak aldera. Gainera, ordu berdinean eitb.eus-ek zuzenean eskainiko ditu atalak. Ondoren, noiznahi eta nonahi, Nahieranen izango dira ikusgai. Halaber, EITBk bere YouTubeko kanalera ere igoko ditu atalak.

Mikeyren aitak Western Sydney Bullfrogs errugbi taldean jokatzeko kontratua lortzen duenean, Zeelanda Berria utzi eta Australiara bizitzen joatea erabakitzen dute. Txigorgailu baten giza-harremanetarako gaitasuna duen izebaren tailer mekanikoan hartuko dute ostatu.

Mikey berehala hasiko da eskola berrian, eta bere ikaskide berriak ezagutuko ditu, Tiff, Jerry eta Salway, besteak beste. Gainera, eskolako haur guztiak pilota joko batekin obsesionatuta daudela ohartuko da laster batean. Mikeyren aurreko ikastetxean errugbia zen nagusi, baina eskola berrian hardballean aritzen ez bazara ez zara inor. Salway eta Jerry lagunak berehala konturatuko dira Mikeyk pilotarako berezko trebezia duela. Protagonistak oraindik ez daki, baina hardball jokoak bere bizitza betiko aldatuko du.

                                                       

Darren Ashtonek, Kacie Anningek eta Fadia Abboudek zuzenduta, Semisi Cheekam (Mikey), Logan Reberger (Jerry), Reannah Hamdan (Salway) eta Erin Choy (Tiff) aktoreek osatzen dute antzezle talde nagusia.

Horrez gain, "Hardball" ek hainbat sari eta izendapen jaso ditu, besteak beste, 2020an Emmy Kids Internacional Live-Action telesail onenaren saria jaso du. Era berean, iaz Japonia saria jaso zuen haurren kategorian; fikzio onenari Nazioarteko Gazteria saria 2020an; Houston Worldfest 2020 Nazioarteko Zinema Jaialdiko saria; BANFF World Media Rockie 2020 haur programa onenari saria eta 2019ko Chicagoko Nazioarteko Haur Zinema Jaialdian, telesaila onenaren saria Live-Action Kategorian.

Euskara kolokialaren aldeko apustua, EITBn 

EiTBk lagunarteko euskararen erabilera bultzatu nahi du, bai bere fikzioetan, bai kanpo produkzioko telesailen bikoizketetan ere. "Hardball" telesailaren bikoizketarekin jarri da martxan euskara sustatzeko estrategiaren baitan kokatzen den proiektu garrantzitsu hau. 

Asier Larrinaga EITB Mediako Euskara zerbitzuko buruak azaldu duen bezala, "telesail berriaren euskarazko bikoizketan, lan handia egin da jatorrizko elkarrizketen koloreari eusteko. Serieko neska-mutilen hizkeran, bideo-jokoak eta kirolak ohiko erreferentziak dira, eta bere horretan errespetatu dira. Horregatik, beraien kirol kutuna, lau koadroko jokoa, euskarara ekarri behar izan da, ezezaguna baita Euskal Herrian".

Larrinagak gaineratu du Mikey protagonista nagusiaren hizkerari ere arreta berezia eman behar izan zaiola, "esamolde bitxiak erabiltzen baititu: «sweet as!» (mola du!), «choice!» (itzel!), «bro» (zapo)... Berba eta esamoldeetatik harago, euskarazko bertsioan asko zaindu da pertsonaien hizketaldien itzulpena ez zedin serieko tonu kolokialetik aldendu".

                                                   

  • ;