eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Estreinaldia

"Helenaren eskola txikia" marrazki bizidun berriak ikusgai, 3 klubaren eskutik

EITB MEDIA

Aste honetan estreinatu ditu marrazki bizidun berriak 3 klubak. ETB3n, webgunean, 3 klubaren appean eta telebista konektatuetan ditugu jada ikusgai.

  • "Helenaren eskola txikia"

    "Helenaren eskola txikia". EITB Media

"Helenaren eskola txikia" marrazki bizidun berriak estreinatu ditu aste honetan 3 klubak, haurrentzako EITBren komunitateak. Helena da bertan protagonista. Bost urte ditu eta bere ametsa irakasle izatea da. Beraz, eskola txikia martxan jarriko du, eta jostailuentzako lehen gela zabalduko du bertan. Hala, haurrek zuzendutako munduko lehen eskolan daude marrazkiak girotuta. Irakasleak, zuzendaria, erizaina, kafetegiko langileak… inork ez du bost urte baino gehiago. Ikasleak, berriz, pelutxeak eta jostailuak dira.

Marrazki bizidun hauek 0-4 urte bitarteko haurrei daude bereziki zuzenduta, eta jada ikusgai ditugu 3 klubaren euskarri ezberdinetan: ETB3 telebista kanalean (astelehenetik ostiralean 08:25ean eta asteburutan 08:45ean), 3 klubaren webgunean, 3 klubaren appean eta telebista konektatuetan HbbTV eta Smart TV (Samsung, Android TV, Panasonic, Philips) bidez.

Izan ere, 3 klubak euskarri digitalen aldeko apustuari eusten dio, eta eskaintza zabala du bertan: telebistako marrazki bizidunen atalak ikusgai daude webgunean, mugikor eta tableterako 3 kluba aplikazioan zein telebista konektatuetan. Youtube kanala ere badu 3 klubak.

Kide egiteko aukera

3 kluba EITBk haurrentzat sortutako komunitatea da. Bertako kide izatea doakoa da, eta txikienek hainbat abantaila eta opari lortu ditzakete. Hala, zozketa guztietan parte hartu eta sariak irabazteko aukera dute: ekitaldi, museo zein parkeetarako sarrerak, produktu sortak, liburuak... Gainera, hilero, kide berri guztien artean opari sorta bat zozkatzen du 3 klubak. Horrez gain, urtebetetze egunean, kideak zoriontzen ditu klubak, eta etxeko txikienaren argazkia telebistan eta webgunean agertzeko aukera ematen du, Zuri Zorionak tarte arrakastatsuan. 3kluba webgunean Kide Gunea izeneko atal berezia dute bazkideek, xehetasun eta abantaila guztiekin.

Zinemara joateko sarreren zozketa

EITBk bat egin du Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen (EZAE) Zinemazale berriak izeneko ekimenarekin. Zinema-aretoetara profil desberdineko publikoa erakarri eta une honetan ikusgai dauden filmen eskaintza osatzea du helburu, eta 3 klubak bertara joateko sarrerak zozkatuko ditu izena ematen duten kideen artean. Zinema Euskaraz katalogoko 12 film eskainiko dira maiatzaren 23tik ekainaren 20ra eta urriaren 3tik azaroaren 14ra, igandero, eguerdian.

Eskainiko diren filmak hauek dira: Maya Erlea: ezti-jokoak, Paddington 2, Asterix, edabe magikoaren sekretua, Nur eta herensugearen tenplua, Ballerina, Oin handiaren semea, Printze txikia, Mr. Link, Pokemon, Pikachu detektibea, Tom eta Jerry, Elfkinak eta Smollfoot.