eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Udako oporretarako

Zabalik dago oraindik hainbat udalekutan izena emateko epea

EITB

Zaldian ibili, zientzia deskubritu, bertsotan edo txistua jotzen aritu, ingelesa ikasi... Aukera asko dituzte gaztetxoek udako egonaldietarako.

  • Sastarrain Baserri Eskola (Zestoa)

    Sastarrain Baserri Eskola (Zestoa)

Hainbat udalekuetan izena emateko epea zabalik dago oraindik. Jolasean aritzeaz gainera, bestelako ekimen ugari egiten dituzte hainbat egonalditan, hala nola,  zaldian ibili, zientzia deskubritu, bertsotan edo txistua jotzen aritu, ingelesa ikasi... Martxoa eta apirila izan ohi da gaztetxoenen udako oporraldia antolatu eta izena emateko garaia. Udaleku ezagunenak foru aldundiek antolatzen dituztenak dira, baina kutxek eta bestelako hainbat elkartek ere izaten dituzte eurenak. Hauek dira horietako batzuk:

Kutxabanken gizarte ekintza sailak, adibidez, Sukarrietan (Bizkaia), Briñasen (Errioxa) eta Arotz Enean (Nafarroan) antolatu ditu aurten udalekuak. 7 eta 13 urte arteko gaztetxoentzat dira eta apirilaren 20a arte dago zabalik izena-emateko epea. Ekimenari buruzko informazioa BBK, Kutxa eta Caja Vital Kutxako edozein bulegotan aurkitu daiteke eta baita euren webguneetan ere.

Elhuyar Fundazioak, esate baterako, zientzia udalekuak antolatzen ditu azken urte hauetan. Oiartzungo Arritxulo aterpetxean egin ohi dituzte eta 12-16 urte arteko gaztetxoei zuzenduta daude. Apirilaren 1a arteko epea dago izena emateko.

Naturan barneratutako egonaldiak nahi izanez gero, aukera bat baino gehiago daude. Zestoako Sastarrain Baserri Eskolak hainbat txanda eskaintzen ditu abuztuan, 8 eta 13 urte arteko haurrentzat. Baserri inguruko ekintzak egin eta zaldian ibiltzeko aukera izango dute.

Baratze Baserri Eskolak ere ematen du mota honetako egonaldietarako aukera. 5-13 urte arteko haur eta gaztetxoak hartzen dituzte uztailean eta irailean egiten dituzten udalekuetan. Eta izena emateko epea zabalik dago oraindik.

Kulturan murgildu nahi dutenek, aldiz, bi aukera gutxienez badituzte. Bertsozale Elkarteak antolatutakoak eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteak antolatutakoak. Bertsozale Elkarteak 9 eta 18 urte arteko gazteei zabaltzen dizkie bospasei lekutan antolatzen dituzten bertso-udalekuetako ateak. bertsozale@bertsozale.com idatzita eskuratu daiteke informazio gehiago.

Txistulari Elkarteak, ostera, lehenengo aldiz antolatuko ditu aurten egonaldiak txistua ikasten ari diren gaztetxoei zuzenduta. Zalantzak argitzeko eta izena emateko txuntxun@euskalnet.net helbidera idatzi daiteke.

Eta kirola egiteko aprobetxatu nahi izanez gero, Irungo Club Hipico Jaizubiak ere zaldian ibiltzeko udalekuak jarri ditu aukeran. Zazpi urtetik gorako haurrei zuzenduta daude eta ekainetik iraila bitartean izango dira. Jaizubi klubaren webgunean jarri dute informazioa.

Azkenik,hizkuntzak ikasteko aukera ere hainbat enpresek eskaintzen dute. MondragonLinguak adibidez, Beiren eta Lizarran egonaldiak antolatu ditu 8 eta 14 urtearteko gaztetxoek ingelesa ikasi dezaten. Izen emateko epea zabalik dagooraindik.