eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Estreinaldia

"Txac Planet"en denboraldi berria ETB3n, pentsamendu konputazionala eta informatikaren hizkuntza hizpide

EITB Media

Bigarren denboraldia,astelehen honetan, otsailaren 21ean, estreinatu da. Oihana Maritorena aktoreak gidatuta, trebetasun konputazionalen garapena sustatu eta zibersegurtasunari buruzko edukiak landuko ditu.

  • "Txac Planet"

    "Txac Planet"

Astelehen honetan, otsailak 21, ETB3k "Txac Planet" telesailaren denboraldi berriaren estreinaldia eskaini du, haurrak pentsamendu konputazionalaren logikara eta informatikaren hizkuntzara hurbiltzea helburu duen telesaila. Haur eta gaztetxoek trebetasun konputazionalak eskuratzea eta programazio hizkuntzara ohitzea bilatzen du saioak, XXI. mendeko hizkuntzara egokitutako gaitasun digital berriak eskura ditzaten. Oihana Maritorena aktoreak gidatzen duen bigarren denboraldi honetan, gainera, zibersegurtasunari buruzko edukiak landuko dira eta 15 atal berriak astelehenetik ostiralera izango dira ikusgai, 18:00etatik aurrera ETB3n.

Orbita estazio bat Txac Planetara joango da, planeta hori esploratzera eta ikertzera. Espedizioaren burua Ada (Oihana Maritorena) astronauta da, ordenagailurako programak idazten dituena koder bizkor eta ausarta. Robotak programatzen eta Lurreko lagun koderrekin komunikatzen gozatzen du Adak. 

Adak kontrol panelean eragiketak egiten ematen du eguna, Roby izeneko robot ikasle txiki bati Tor eta Eva robot nagusiek jartzen dizkioten zereginak egiten laguntzeko. Horrez gain, beste koderrekin hitz egiten du eta mundu teknologiko-zientifikoari buruzko albisteak kontatzen dizkie, Helia ordenagailu nagusiaren laguntzaz.

Bigarren edizio hau nagusiagoak diren umeei zuzenduta dago, programazio-mailan konplexutasun handiagoko erronkak proposatzen ditu eta zibersegurtasunari buruzko edukia gehitzen du, gai honi buruzko funtsezko kontuak landuz, teknologia eta sareen erabilera arduratsua sustatzeko helburuarekin. Izan ere, "Txac Planet"ek makinen hizkuntza irakasteaz gainera, makinen erabilera zuzena ere sustatzen du.

"Txac Planet" astelehenetik ostiralera izango da ikusgai ETB3n, eta atal guztiak 3 Klubaren euskarri digitaletan ere izango dira eskuragai: webean, appan eta HbbTV-n edo konektatutako telebisten botoi gorrian.

GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak, Azaroa Filmsek eta Digitomicak, EITBrekin elkarlanean, landu duten telesaila da.

"Txac Planet" metodo transmedia

"Txac Planet" telesailak modu ludiko eta deskonektatuan programatzen irakasten du (Interneterako sarbiderik gabe) eta Toolbox.Academy plataforman oinarrituta dago. Programazio-ingurune horrek hainbat ataza edo zeregin ebaztea ahalbidetzen du, telesailak aurkezten dituen kontzeptuen inguruan lan egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta NAEN Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako euroerregioarekin lankidetzan, "Txac Panet" ekimenak sustatutako proiektu ezberdinen bitartez, EAEko 44 ikastetxek eta Nafarroako ikastolek bat egin dute "Txac Planet" ikaskuntza modeloarekin. Modeloa 45 ikus-entzuneko atalek (telesailaren lehen eta bigarren denboraldiko atalak) eta Toolbox.Academy plataforma digitalean eskuragai dauden ariketa eta tutorialek osatzen dute, hizkuntza konputazionala eta programazioaren logika ikasleei hurbiltzeko helburuarekin.