3kluba
Teknologia berriak
Erabili iPada eta kontatu euskarazko ipuinak haurrari
O.A.
Haurrei ipuinak kontatzeko geroz eta aplikazioa gehiago daude. Gaur egun, euskarazko ipuinak ere deskargatu daitezke, gero Apple etxeko gailuetan irakurtzeko.
-
iPad berria. Argazkia: EFE
Zure haurrari ipuinak kontatzen dizkion horietakoa bazara, adi! Utzi paperezko liburu zaharrak alde batera, izan ere, teknologia berriek paperak baino aukera gehiago eskaintzen dituzte. Sarean arakatuz, haurrei ipuinak kontatzeko aplikazioak topatu ditugu, gehienak Apple etxeko Iphone eta Ipad gailuetarako daude prestatuta.
Aplikazioei esker haurrak jarrera aktiboa izan dezake ipuinaren kontaketan, hala, umeak ipuineko irudiak ikusi, musika entzun eta jolas egiteko aukera izango du, istorioa entzuten duen bitartean. Haurrak kontzeptu berriak modu errazagoan ikasiko ditu irudiaren eta soinuaren laguntzaz.
Euskaraz mota honetako aplikazio gutxi dago, baina bada ipuinak euskaraz eta beste hamar hizkuntzatan eskaintzen dituen aplikazio bat. Itbook du izena aplikazioak eta ipuin klasikoen zerrenda bat osatua du. Ondorengo hauek dira, besteak beste, deskargatu daitezkeen ipuinak: Botadun katua, Mari Errauskin, Dortoka eta erbia, Hiru txerritxoak eta Txanogorritxo.
Erdarazko beste aplikazioak
Ondorengo aplikazioekin ezin da euskarazko edukirik deskargatu, baina gazteleraz bai eta, kasu batzuetan, ingelesez eta frantsesez ere bai.
Kidskioske haurrentzako ipuinak jasotzen dituen aplikazioa da eta Apple eta Android sistementzat egokituta dago. Hala, Botadun katua eta Mari Errauskin ipuinak deskargatu daitezke, besteak beste, gaztelaniaz, ingelesez, alemanieraz eta japonieraz.
¡A la cama! aplikazioak sehaska kantak biltzen ditu eta ingelesez eta gaztelaniaz dago eskura. Bi urtetik gorako haurrei zuzenduta dago eta aplikazioa jaisteko ordaindu egin behar da.