eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Bitxikeriak

Noiztik ospatzen da Amaren eguna?

Hegoaldean maiatzeko lehen igandean ospatzen da Amaren eguna eta Iparraldean, maiatzeko azken igandean. Nondik dator ordea, ohitura hori?

  • Haur jaioberria.

    Haur jaioberria. Argazkia: EITB

Ia urteko egun bakoitzean zerbait ospatzen dugu, baina tokian tokian, ospakizun egunak aldatu egiten dira. Adibidez, Hego Euskal Herrian San Jose egunez, martxoaren 19an, ospatzen da Aitaren eguna eta Ipar Euskal Herrian bestalde, ekaineko hirugarren igandean. Bien bitartean, Amaren eguna maiatzeko lehen igandean ospatzen da Hegoaldean eta maiatzeko azken igandean Iparraldean. Kontuak kontu, zein da ate joka daukagun Amaren egunaren jatorria?

Antzinako Greziaren garaian ospatu zuten, lehen aldiz, Amaren eguna, Rhea jainkosaren omenez. Erromatarrek bere egin zuten greziarren ohitura hori eta martxoaren 15ean hasi eta hiru egunez eskaintzak egiten zituzten Zibeles tenpluan. Lehendabiziko kristauek ordea, beste ikuspegi bat eman nahi izan zioten Amaren egunari. Hala, Nazareteko Jesusen amari, Ama Birjinari, gorazarre egiteko baliatzen zuten Amaren eguna. Hasierako kristau horiek abenduaren 8an ospatzen zuten, Andre Maria Sortzez Garbiaren egunean, hain zuzen ere.

XX. mende hasieran, Anna Jarvis AEBetako Virginia estatuko ekintzaileak emakume antolakuntzan parte hartu zuen modu aktiboan. Annaren helburua zen haurrek amei gorazarre egiteko egun bat izendatzea. Emakumearen lanak bere fruitua izan zuen eta hala, AEBetako Wilson presidenteak maiatzaren bigarren igandean ospatzen zen Amaren Eguna jaiegun izendatu zuen. Ekintzailearen helburua familiako kideen arteko harremana hobetzea eta haurrek gurasoekiko errespetua izatea lortzea zen. Denborarekin ordea, Amaren eguna negozioa egiteko egun bihurtu zen eta ospakizunak zentzua galdu zuen Anna Jarvisentzat.


Opariak

Amarentzako oparirik ez badaukazu Hiru3 komunitateak etxean eta modu errazean egiteko hainbat proposamen egiten dizkizu. Eskulanen atarian aurkituko dituzu adibidez trapuzko panpina bat egiteko edo etxean jartzeko apaingarriak egiteko jarraibideak. Sartu eta ekin lanari!