eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Kultura

Hasi da 2012ko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean sailkatzen diren bertsolariek ekainaren 16an, Agurainen, jokatuko dute Euskal Herriko finala.

  • Argazkia: Txintxua Films

    Argazkia: Txintxua Films

Maiatzean abiatu dira herrialdeetako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak. Hala, idatzizko sariketan eta bat-bateko saioetan parte hartu ahal izango dute haur eta gaztetxoek. Adinaren arabera bi maila izango dira: 14 urtera artekoak eta 14-18 urte bitartekoak.

Eskolarteko Txapelketaren bitartez, bertso saioak ikusi, idatzizkoan parte hartu eta jendaurrean abesteko aukera izango dute ikastetxeetan eta bertso-eskoletan bertsolaritza lantzen duten gaztetxoek.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimen hau oso modu ezberdinean garatu da, orain arte, eskualde zein herrialde bakoitzean. Txapelketaren egitura bateratu asmoz, eskolarteko txapelketaren inguruko gogoeta eguna izango da maiatzaren 12an, Villabonako egoitzan. Antolatzaileek hausnarketan parte hartzeko gonbita luzatzen die interesa dutenei.Izan ere, helburua 2013rako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eredu berria martxan jartzea eta, besteak beste, bertso-eskolei ere parte hartzeko aukera ematea da.

Data garrantzitsuenak
Bertsolariak beren lurraldean lehiatuko dira, lehenik eta behin. Gipuzkoan aldi berean egingo dira idatzizkoa eta bat-batekoa eta, lau kanporaketa gainditzen dituzten bertsolariak, ekainaren 1ean Andoaingo Bastero Kulturgunean izango den finalerako sailkatuko dira. Bizkaiaren kasuan, idatzizko txapelketa egingo da lehenengo. Idatzizko sariketako finala maiatzaren 18an izango da Gernikan eta, ondoren, maiatzaren 22an hasikoa da bat-batekoa. Finala, Gipuzkoan bezala, ekainaren 1ean izango da. Araban bestalde, bi kanporaketa izango dira eta maiatzaren 19an izango dira idatzizko eta bat-bateko finalak. Halaber, Nafarroan ekainaren 9an egingo dira bat-bateko txapelketako finala eta bertsopaperen lehiaketako sari banaketa. Azkenik, Iparraldean maiatzaren 24an izango da haurren finala eta 26an, gaztetxoena. Lurralde bakoitzean sailkatzen diren bertsolariek Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko dute ekainaren 16an Agurainen.