3kluba
Teknologia eta hezkuntza
Scratch eguna ospatuko da, maiatzaren 19an, Bilbon eta Donostian
Hiru3 komunitateak babestutako ekitaldia izango da eta, aldi berean, munduko beste hainbat hiriburutan ere egingo da.
-
Scratch eguneko kartela. Argazkia: Scratch eguna
Datorren larunbatean, maiatzak 19, Scratch Eguna 2012 ospatuko da Bilboko alondegian eta Donostiako San Telmo museoan. Halaber, Hiru3 komunitateak babesten ditu Donostiako eta Bilboko ekitaldiak eta, egun berean, scratch jardunaldi gehiago egingo dira munduko beste hainbat txokotan.
Zer da ordea scratch-a? Haurrei programatzea irakastea helburu duen aplikazio informatikoa da scratch. Aplikazioak, interfaz erraz baten bitartez, programazioari lotutako kontzeptuak ikertzeko eta esperimentatzeko aukera eskaintzen du.
Jardunaldi honetan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleez osatutako 12 taldek hartuko dute parte: 12 talde izango dira Donostian eta beste 12 Bilbon. Talde bakoitzak gutxienez 3 produktu egin beharko ditu: poster bat eta eskatzen diren hiru scratch motaren artean, gutxienez bi.
Scratch Eguna 2012 ez da lehiaketa bat, azoka formatudun jardunaldia da. Taldekideek beren proiektu eta esperientziak konpartitzeko aukera izango dute beste parte-hartzaileekin. Gainera, talde bakoitzak egokitu zaion mahaia apaindu beharko du. Apainketa guztiz librea da eta edozein material erabili daiteke horretarako. Goizeko 09:30etik 11:00etara bitartean taldekideek denbora izango dute ordenagailuak instalatu, aplikazioak sortu eta standa apaintzeko. 11:00etan hasiko da azoka eta taldekideek beren proiektuaren gaineko azalpenak emango dizkie bisitariei. Jardunaldiaren bukaeran, 14:00etan, zenbait opariren zozketa egingo da eta ekitaldi horrekin amaituko da Scratch Eguna 2012.