eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Saria

ETB3ko "Txac Planet" saioa saritu dute Los Angeleseko New Media Film Festival jaialdian, STEAM kategorian

EITB Media

Haurrak eta gaztetxoak pentsamendu konputazionalaren logikara eta informatikaren hizkuntzara hurbiltzea helburu du telesail interaktibo honek.

  • Oihana Maritorena, "Txac Planet" saioan

    Oihana Maritorena, "Txac Planet" saioan. EITB Media

ETB3ko "Txac Planet" telesaila saritu dute AEBko Los Angeles hirian egin berri duten New Media Film Festival jaialdian, STEAM kategorian (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematiken arloan). GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak, Azaroa Filmsek, Digitomicak eta EITBk landutako telesaila da.

New Media Film Festival jaialdiak teknologiarekin lotutako sormen berrikuntza nagusiak biltzen ditu, eta XIII. edizioa ospatu berri du ekainaren 1ean eta 2an, Los Angelesek. Teknologiarekin zerikusia duten eduki eta formatu berriak lantzen dituzten sortzaileen lana biltzen duen topaketa da, eta bertan ETB3ko "Txac Planet" telesaila saritu dute, haur eta gaztetxoek trebetasun konputazionalak eskuratzea eta programazio hizkuntzara ohitzea bilatzen du saioa. Bigarren denboraldian, gainera, zibersegurtasunari buruzko edukiak landu dituzte. ETB3n emititu dira bi denboraldiak, eta 3 klubaren euskarri digitaletan ere eskuragai dago: webean, appan eta HbbTV-n edo konektatutako telebisten botoi gorrian.

Oihana Maritorena aktoreak gidatzen du telesaila, Adaren  paperean. Orbita estazio bat Txac Planetara joango da, planeta hori esploratzera eta ikertzera. Espedizioaren burua Ada astronauta da, ordenagailurako programak idazten dituena koder bizkor eta ausarta. Robotak programatzen eta Lurreko lagun koderrekin komunikatzen gozatzen du Adak. Adak kontrol panelean eragiketak egiten ematen du eguna, Roby izeneko robot ikasle txiki bati Tor eta Eva robot nagusiek jartzen dizkioten zereginak egiten laguntzeko. Horrez gain, beste koderrekin hitz egiten du eta mundu teknologiko-zientifikoari buruzko albisteak kontatzen dizkie, Helia ordenagailu nagusiaren laguntzaz.

Toolbox.Academy plataforman oinarrituta dago Txac Planet.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB
  • Ene Kantak