eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Haurrak eta sare sozialak

Utziko al diogu haurrari Tuentiko kontua irekitzen 12 urterekin?

EITB

Didaknet aditu taldeak gai honi buruzko hainbat gomendio ematen dizkie gurasoei.

  • didaknet

    didakneten logoa

14 urtetik gorako gaztetxoen gehiengoak Tuentin kontua du zabalik. Kasu askotan, ordea, hori baino gazteagoak direnek ere nahi izaten dute bertan ibili. Zer egin horrelakoetan? Didaknet etxeko adituek gai honen inguruko hainbat gomendio ematen dituzte.

Tuenti Estatu mailan gaztetxoen artean arrakasta handia duen interneteko sare soziala da. 14 urtetik gorako neska mutilei dago zuzendua; hala jartzen du webgunean izena ematerakoan. Erabiltzaile bakoitzak bere profila sortu eta lagunak egiten ditu sare honen bidez eurekin komunikatu ahal izateko: mezuak bidali, argazkiak publikatu...

Sarritan, ordea, 14 urtetik beherako haurrak ere Tuentiko erabiltzaile gisa aritzen dira. Eta nahiko ohikoa bilakatzen ari da norberaren seme edo alabari bertan sartu nahi duela entzutea. Zer egin kasu hauetan? Utzi Tuentin ibiltzen ala debekatu?

Didaknet aditu taldeak, gai honi buruzko artikulu interesgarria publikatu zuen duela hilabete eta erdi euren blogean. Didakneten iritziz, ez dago haurrari Tuentin ibiltzea debekatu beharrik. Baina gurasoari ibilera hori kontrolatzeko gomendioa egiten dio: Tuentik nola funtzionatzen duen ezagutzea, haurrari profila nola sortu behar duen azaltzea, zer publikatu behar duen eta zer ez den esan behar argi uztea, ze argazki mota igo ditzakeen azaltzea eta zainketa lanak egitea.

Didaknet interneten eta sare sozialetan adituak diren hezitzaile eta profesionalek osatutako taldea da. Guraso eta haurrei ikastaroak ematen dizkiete eskoletan, sare sozialen erabilera egokiari buruz edota kasu konkretuetan nola jokatu behar den azalduz. Aurrerantzean, Hiru3 atarian, astean behin jasoko ditugu euren esperientziak.