eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

3 kluba

"3 Ene Kantak" haurrentzako saioaren denboraldi berria EITBn

EITB Media

Aurrerantzean, astean behin emitituko da programa, larunbatetan. Pertsonaia berria ere egongo da saioan, Mintxo, eta irudi eta dekoratu berriak ere estreinatuko dituzte. Aurten, gainera, haurrak hartuko dituzte plato horretan.

  • "3 Ene Kantak" saioaren denboraldi berriaren irudia

    "3 Ene Kantak" saioaren denboraldi berriaren irudia. EITB Media

Larunbat honetan, irailak 10, estreinatu du 3 klubak "3 Ene Kantak" haurrentzako saioaren denboraldi berria. Udazken honetan, gainera, ordutegi aldaketarekin dator. Aurrerantzean, larunbatetan emitituko da, 15:30ean. Gainera, pertsonaia berri bat ere egongo da saioan, Mintxo izenekoa. Hain zuzen ere, Asier Burguete Go!azen telesaileko aktoreak egingo du Mintxoren papera. Harekin batera, saioan ikusiko ditugu Urbi, Argi, Satorjator, Astonauta eta, nola ez, Antxus 3 klubeko maskota.

Emisio eguna eta pertsonaia berria estreinatzeaz gain, denboraldi honek irudi eta dekoratu aldaketa ere badakartza; eta berrikuntza handi bat espazio berri horretan, haurrak hartuko baitituzte platoan. Zehazki, bi atal berri izango dituzte haurrekin: Su Ta Fu (sukaldaritza lantzeko) eta Ahaika (haurrak egoera berezietan jartzeko).

Hori bai, aurrekoetan bezala, ez dira ohiko proposamenak faltako: Zorion tartea, Ikimiliklip eta Dantzateka, Kidam magoaren magia eskola, irakurzaletasuna bultzatzeko Altxa Mitxa atala, haurrek bideoen bitartez igorritako kezkak eta jakinminak azaltzeko Jakizu sekzioa eta eskulanen Zuk zeuk egin atala, oraingoan Zuzene kolaboratzailearekin.

Marrazki bizidun berriak udazkeneko programazioan

"3 Ene Kantak" saio eraberrituarekin batera, Remy eta Boo, Mini Ninjak eta Ernesto eta Rebeka marrazki bizidunen estreinaldiak dakartza haurrentzako udazkeneko programazioak EITBn. Gainera, Lan bitxiak, Milo, Ahizpak, Andu berandu eta Presto! Magia eskola marrazki bizidunen atal berriak izango dira ikusgai eta, igandeetan, film luzeak eskainiko dira 15:30etik aurrera.

Haurrentzako edukiak, 3 klubeko euskarrietan ikusgai noiznahi

"3 Ene Kantak" haurrentzako saioa eta ETB3ko marrazki bizidunak 3 kluba aplikazioan, webgunean eta HbbTVan ere badaude ikusgai, mugikorrean zein tabletean eskuragarri izateko. Halaber, 3 klubaren YouTube kanalean ere 3 Ene Kantak, Go!azen telesaileko abestiak, marrazki bizidunak eta telesailak ikusteko aukera zabala dago.