eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

PROGRAMAZIOA

Haur programazio berezia eskainiko da Gabonetan ETB3n

EITB MEDIA

Neska-mutikoentzako programazio berezia eskainiko du ETB3k abenduaren 19tik urtarrilaren 8ra. Besteak beste, Olentzero eta Errege Magoen etorrera, "3 Ene Kantak" eta "Go!azen 9.0" telesailaren atal berriak, animazio filmak eta marrazki bizidunak izango dira ikusgai hirugarren katean.

  • Gabonetako programazioa

    Gabonetako programazioa

Abenduaren 19tik aurrera, Gabonetako programazio berezia eskainiko du ETB3k etxeko txikienei zuzenduta. Besteak beste, Remy eta Boo, Milo, Ernest eta Rebeka, Ahizpak eta Mini Ninjak marrazki bizidunen atal berriak, Zinetxiki ekimeneko filmak nahiz film-luzeak, "3 Ene Kantak" saioaren eta Go!azen 9.0 telesailaren atal berriak, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen kabalkada izango dira ikusgai Eguberrietako oporraldian zehar.

"3 Ene Kantak", Go!azen 9.0 eta marrazki bizidunak

"3 Ene Kantak" saioa, larunbatetan, 15:30ean emitituko da, eta saioaren atalak, berriz, goizeko 09:30ean eta 20:00etan. Goizeko urtebetetze bideoaren sekzioa 9:30ean eta bazkalostekoa 14:00etan izango da ikusgai astelehenetik igandera; eta iluntzean, 20:00etan izango da eguneko hirugarren hitzordua.

Halaber, Go!azen 9.0 larunbatetan 15:30ean emango da, eta Basakabiko lagunen abenturak gertutik jarraitu ahal izango dituzu. Bestalde, abenduaren 31n, Go!azen Kontzertua eta Go!azen gabonetan bereziak emango dira ETBren hirugarren katean.

Marrazki bizidunak ere ez dira faltako Gabonetako oporretan: Remy eta Boo, Milo, Ernest eta Rebeka, Ahizpak eta Mini Ninjak eta beste hainbat marrazki bizidun ikusten igaro ditzakezu Gabon egunak.

Dena dela, gogoratu eskura dituzula marrazki bizidun guztien atalak 3 klubaren aplikazioan eta euskarri digitaletan.

Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen kabalkada

Bilbotik zuzenean, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da abenduaren 23an, ETB3n eta eitb.eus-en. Olentzero gure ikazkin maitearekin eta Mari Domingi haren laguntzailearekin batera, euskal mitologiako beste pertsonaia batzuk hartuko dute parte Bilboko kaleetan zehar egingo den desfile ikusgarrian, besteak beste, Basajaunek, lamiek eta galtzagorri bihurri eta jostariek.

Halaber, Errege Magoen kabalkada zuzenean emango da urtarrilaren 5ean ETB3n eta eitb.eus-en.

Animazio filmak eta Zinetxiki jaialdia

Egunero, animazio filmak ikusteko aukera egongo da ETB3n. Filmen lehen tartea goizeko 10:00ak aldera izango da. Koko dragoi txikia oihanean, Ipuin herriko berriak, Itsasontziak erreskatean, Alfonbra magikoa, Yoko eta lagunak, Lur eta Amets oroimenaren ehizan, Azkar Doraemon! Galaxiako sari nagusia,  Paddintong 2, eta Paperezko hegazkinak eskainiko dira, besteak beste.

Bigarren tartea, bestalde, arratsaldeetan, 15:30ean hasiko da. Besteak beste, Tximinoen erresuma, Valhallako kondaira, Arratoi pirata, Iparraldeko Norman, Grufaloa, Lego Ninjago filma, Ernest eta Celestine, Ama Moo etxera itzuli da, Gurarien arraina eta Elkano lehen mundu bira izango dira ikusgai.

Abenduaren 24an, berriz, Olentzero protagonista duen filmak emango ditu ETB3k: Olentzero eta Amilaren sekretua, Olentzero eta iratxoen jauntxoa, Olentzero eta oparien ordua eta Olentzero eta Subillaren lapurreta.

Bestalde, abenduaren 17tik abenduaren 30era egingo da aurten Zinetxiki jaialdia, eta bertan parte hartzen duten hainbat pelikula emitituko dira ETB3n.

Gogoratu ETB3ko programazio zehatza eitb.eus webgunean kontsulta dezakezula.

3 klubeko euskarri teknologikoetan nonahi eta noiznahi

Saio eta marrazki bizidun hauek guztiak 3 klubaren euskarri teknologikoetan ere ikus ditzakezu: webgunean, aplikazioan eta HbbTV telebista konektatuetan. Deskargatu 3 klubaren aplikazioa.