Hiru3 Jaia
Komunitateko kideon elkargunea
Hiru3 komunitatearen jaia, larunbatean, Bilboko Casilla kirolgunean
EITB
Programa bete-betea izango du; tartean, 'Izar Bila' lehiaketako finala, 'Kantuan' saioa, 'Go!azen'eko lagunak, eta tailer eta joko ugari. Gazteako Oihan Vega dj-aren saioarekin amaituko dute festa.


Hiru3 Jaiak eszenatoki ikusgarria izango du Logela Multimediak prestatuta. Hiru dimentsioetako irudiak proiektatuko dituzte eta efektu oso bereziak eragingo dituzte. Eszenatoki ikusgarri horrek ere jolasteko aukera eskainiko dio publikoari.
Horrez gain, egun osoan puzgarriak, makillaje eta kamisetak egiteko tailerrak, graffiti tailerrak eta antzerako ekitaldiak izango dira La Casilla plazan. ETB-3ko marrazki bizidunetako pertsonaia ezagunenak ere - Doraemon, Dorami eta Shin Chan- han izango dira haurrekin argazkiak ateratzeko. Argazki saioak 13:00etan, 16:00retan eta 18:00etan egingo dituzte. Ondoren argazki guztiak Hiru3 Jaiaren webgunean ikusi ahal izango dituzue.
Hiru3 gunean, berriz, informazioa jaso, zalantzak argitu, bazkide egin eta Hiru merkatu-merkean erosketak egin ahal izango dira. Txu-txu trena ere bertatik ibiliko da goizeko 11:00etatik hasita eta baita alfonbra hegalaria Palmira astotxoarekin batera.
12:30ean txakurren eta erreskate-taldearen erakustaldiak ikusi ahal izango ditugu. La Caixaren planetarioa arratsaldeko 16:00retatik aurrera egongo da prest La Casilla kirolgunean.
'Izar Bila', 'Kantuan' eta Oihan Vega
Ekitaldi nagusiak, berriz, arratsaldean hasiko dira La Casilla barruan, Jon Gomez Garaik aurkeztuta: 'Izar Bila' talentu lehiaketaren finala, 'Kantuan' saioko izarrak, hip hop eta breakdance ikuskizunak... 'Go!azen'eko lagunak ere jaian egongo dira eta dantza saioak ere eskainiko dituzte.
Eta larunbata izango denez, gauera arte luzatuko da festa: 20:00ak aldera disko festa hasiko da Gazteako Oihan Vega dj-arekin. Dantza eta saltsa nahikoa izango dute eguna ilundu arte. Berarekin batera, 'Go!azen'eko gonbidatu bereziak izango dira.
Hiru3 komunitatearen jaiak La Caixa, Herrizaingo Saila eta Nesquik ditu babesle nagusi. Horrez gain, Euskotren, Coca-Cola, Naturgas Energia, Luk Internacional, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Senda Viva eta Eroski Bidaiaren kolaborazioa ere badute.
Larunbatean izango den jaiaren informazio guztia eitb.com-en dagoen hiru3ren atarian izango da eskuragai.