eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

Gurasoen txokoa

Elikadura

Etxean egindako frutazko izozkiak, postre egokienak udan

Frutaz eta jogurtez egindako edari-izotzak eta izozkiak etxean egitea oso erraza da. Umeek eurek egin ditzakete, eta bitaminak eta mineralak hartzeko modu egokia da.

  • Laranjazko eta limoizko izotz-edaria

    Laranjazko eta limoizko izotz-edaria

Udan gaude jada, eta gure umeek ia egunero eskatzen digute izozki bat erosteko. Batzuk flash edo koloretako izotz zati horiek jaten pasako lukete eguna. Guraso askok galdetzen diogu geure buruari zerekin egiten ote dituzten gure txikiek hain gustura zupatzen dituzten izotz horiek.

Dendetan aurkitzen ditugun izotzezko izozki horietako gehienek koloratzaile eta sustantzia artifizialak izaten dituzte. Noski, osasun kontrol pila pasatzen dituzte eta ez dira kaltegarriak gure haurren osasunerako, baina batzuetan arduratu egiten gara horiek jaten ikusten ditugunean.

Eta egia esan, oso erraza da antzerako izozkiak etxean prestatzea osagai naturalekin. Gainera, etxekoak askoz osasuntsuagoak izaten dira, bitamina eta mineral pila dituztelako. Fruta, jogurt naturala, izotza, batidora indartsu bat eta izozkailua soilik behar dira.

Izozkiak eta izotz-edariak egiteko milaka errezeta aurkitu daitezke interneten. Horietan errazenetakoa da frutazko izotz-edaria egitea. Horretarako, lehendabizi guk nahi dugun frutaren zukua egin (marrubiak, laranjak, angurria, meloia, melokotoia...) eta zuku hori limoi baten zukuarekin nahastu behar dugu. Jarraian, zukua eta izotz zatiak txikitu behar ditugu batidoran. Azkenik, izozkailuan eduki behar dugu ordu betez edo eta, tarteka, bira pare bat emango dizkiogu kristal itxura hartu dezan.

Beste aukera bat jogurtez eta frutaz egindako izozkiak egitea da. Kasu honetan, nahi dugun fruta zatitu eta izozkailuan gordeko dugu. Izoztuta dagoenean, jogurtarekin batera irabiatuko dugu, masa homogeneo bat lortu arte.

Bi postre osasuntsu eta gozo dira hauek, umeen oso gustukoak, eta, hain errazak direnez, eurekin batera egiteko egokiak.