eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Didakneten aholkuak

"Nire haurrak ordu gehiegi ematen du ordenagailu aurrean"

A.A.

Sare sozialetan eta ordenagailu aurrean gure haurrek ematen duten denborari buruzko gogoeta egin du, oraingoan, didakneteko aditu taldeak. Arazo bihurtutakoan, nola jokatu behar dugun.

  • Denbora sare sozialetan

    Denbora sare sozialetan

Askotan galdetu izan diogu gurasook geure buruari ea gure seme edo alabak ordu gehiegi ez ote dituen ematen ordenagailu aurrean. Gai honi buruz aritu dira, oraingoan, didakneteko Cristina Ruiz aditua. Zenbat denbora den egokia azalduko digu baita dagoeneko arazoa etxean baldin badaukagu, nola jokatzea komeni zaigun ere.

Sare sozialek, internetek eta ordenagailuak orokorrean, hainbat arazo sortu ditzakete bai helduengan, bai gaztetxoengan. Ikerketa ugari egin dira gai honi buruz eta, horietako batzuek diotenez, sare sozialen gehiegizko erabilerak autoestimu arazoak edo nortasun falta sortu ditzake.

Gaztetxoek argi izan behar dute harreman “birtualek” ez dituztela inoiz benetako harremanak ordezkatu behar. Ondo dago lagunekin komunikatzeko sareak erabiltzea, baina ez lagunekin sare sozialen bidezko harremana soilik izatea.

Adituen hitzetan, nerabe batek arazo bat izan dezake, bi ordu baino gehiago ematen baditu egunean sare sozialetan. Eta antzerako zerbait gertatzen da online jokoekin. Hauetan, gainera, haur txikienak ere oso iaioak izaten dira gaur egun. Hauek, gehienez, egunean ordu erdi arituta nahikoa omen dute.

Gurasook argi ibili behar omen dugu gure haurrak bere ohiko afizioak utzi eta ordenagailuarekin ordezkatzen baditu, bizitza errealeko harremanei jaramonik egiten ez diela ikusten badugu, edota, lo egon behar duenean, konektatuta dagoela ikusten badugu.

Kasu hauetan profesional baten laguntza eskatzea gomendatzen da beti. Gainera, honetarako ere, asko laguntzen du etxeko ordenagailua denok erabiltzen dugun gela batean egoteak, egongelan adibidez. Horrela haurrak nola eta zertarako erabiltzen duen ikusiko dugu eta mugak jarri ahal izango dizkiogu berandu baino lehen.