Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

Gurasoen txokoa

Olentzeroren jatorria

Olentzero, Gabonetan opariak egiten dituen ikazkina

A.R.

Gure txikiak dagoeneko hasi dira Olentzerori opariak eskatzen, baina, Olentzero ezagutzen al dugu? Ba al dakigu zein den bere jatorria?

  • Olentzero. Argazkia: EITB

Gabonetako euskal tradizioko pertsonaia da Olentzero, eta inork ez daki zehazki nondik datorren. Tradizio eta legenda gehienak bezala, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi iritsi dira gure belarrietara Olentzerori buruzko legendak, eta berari buruz ez da ia ezer idatzi XX. mendera arte. Resurrecion Maria Azkue eta Aita Donostia adituek Olentzerori buruz idatzi duten arren, ezin dugu Olentzeroren jatorria zehaztasunez definitu.

Olentzerok ikatza egiten du basoan eta negua iristean mendietatik herrietara jaisten da. Gizon indartsua eta jale amorratua da.

Olentzeroren tradizioa, batez ere, Gabonetan abesten diren kantuen bidez transmititu da. Horietako batzuetan burlazko itxuratzat hartzen dute Olentzero, eta beste batzuetan, ohoragarritzat. Horren erakusle da Olentzeroren kantu tradizionala; izan ere, bertsio batean ''entendimentu gabea'' bezala deskribatzen da, eta bestean, ''entendimentuz jantzia''.

Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak ere baditu
arraultzatxoekin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin.
Olentzero buruhandia
entendimentuz jantzia
bart arratsian edan omen du
bost arruako sagia
ai urde tripahaundia


Olentzerori buruzko legendak

Euskal Herrian pertsonaia honi buruzko legenda ugari daude.

Olentzero ikatz gizon bakarti bat zela dioen legenda bat dago Lesakan (Nafarroa). Behin, herriko umezurztegiko umeak salbatu zituen, eraikinean sute bat izan zenean.

Bestalde, Gipuzkoako Goierri zonaldean, Olentzero paganoa zela dio legenda batek (kristau garaia baino lehenagoko izaki mitologikoak). Dirudienez, egun horietan paganoek Ekialdeko izarra ikusi zuten. Zaharrenari eta jakintsuenari horri buruz galdetzean, honek zera esan zuen: ''gure garaia amaitu da, Kixmi (paganoek Kristori eman zioten izena) iritsi da''. Pagano guztiek euren burua bota zuten itsaslabar batetik, denak Olentzerok izan ezik. Diotenez, herrira joan zen hiritarrei berria emateko. Harrezkeroztik, hori da bere zeregina urtero: Gabonak iritsi direla jakinaraztea.

Bere izenari lotuta dagoen beste teoria bat ere badago, Olentzero edo Olentzaro. Aditu batzuk bere izena ''Oles-aro''-tik datorrela diote (grazia garaia). Neguko solstizioari euskaldunek horrela deitzen ziotela uste da, eta ondoren, kristautasunak izen hori hartu zuen Gabonak ospatzeko.

Olentzeroren jatorria bat edo bestea izan, XX. mendean Bizar Zuriren eta Hiru Erregeen elementuak gehitu izan zaizkio, horrela, Eguberri egunean Euskal Herrian opariak banatzen dituen pertsonaia bihurtuz. Ilusioz beteak, etxeko txikienak Olentzerori gutunak idazten dizkiote, nahi dituzten opariak eskatuz. Olentzerok, bere astoaren eta Mari Domingiren laguntzaz, Euskal Herriko etxeetan opariak banatzen ditu abenduaren 25ean.

Euskal Herriko herri batzuetan Olentzeroren desfilea ospatzen dute Eguberri egunaren bezperan. Aipatzeko beste ohitura bat ere badugu Euskal Herrian: Eguberri egunean Olentzeroren panpin batekin Gabon kantak abestuz diru eske ibiltzea.