eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

X-txac planet-X

X-txac planet-X

Txac Planet

Saio berria

ETB3k "Txac Planet" telesail berria estreinatu du

EITB

Haurrak pentsamendu konputazionalaren logikara eta informatikaren hizkuntzara hurbiltzea du helburu eta Toolbox plataforma digitalean oinarrituta dago.

  • "Tac Planet" telesailaren aurkezpena

    "Tac Planet" telesailaren aurkezpena. Argazkia: EITB

"Txac Planet" telesaila estreinatu dute ETB3k eta 3 Klubak, abenduaren 14an (astelehena), 20:30ean.

2020an, orbita estazio bat Txac Planetara joango da, planeta hori esploratzera eta ikertzera. Espedizioaren burua Ada astronauta da (Oihana Maritorena). Ordenagailurako programak idazten dituena koder bizkorra eta ausarta da Ada, eta robotak programatzen eta Lurreko lagun koderrekin komunikatzen gozatzen du. 

Horixe da GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak, Azaroa Filmsek eta Digitomicak, EITBrekin elkarlanean, landu duten telesailaren abiapuntua. Lehen denboraldia ikus-entzunezko 30 kapituluk osatzen dute, eta atal bakoitzak bost eta sei minutu arteko iraupena du.

Ostegun honetan, Beasaingo La Salle ikastetxean, telesailaren atal bat ikusteko aukera izan du Toolbox plataforma erabiltzen duen ikasle talde batek. Haiekin egon dira Cristina Murillo GAIAko Klusterraren zerbitzuen zuzendaria; Nerea Zendoia EITBko Haur Edukien arduraduna, Oihana Maritorena aktorea, Hur Ezeiza La Salleko irakaslea eta Maria Vallejo Azaroa filmseko ordezkaria.

Nerea Zendoia, Maria Vallejo, Oihana Maritorena, Cristina Murillo eta Hur Ezeiza.

Pertsonaiak

Adak kontrol panelean eragiketak egiten ematen du eguna, Roby izeneko robot ikasle txiki bati Tor eta Eva robot nagusiek jartzen dizkioten zereginak egiten laguntzeko. Horrez gain, beste koderrekin hitz egiten du eta mundu teknologiko-zientifikoari buruzko albisteak kontatzen dizkie, Helia ordenagailu nagusiaren laguntzaz.

Oihana Maritorena  aktorea da hezur haragizko pertsonaia bakarra. Bera da Ada, astronauta eta koder ausarta eta dibertigarria, espedizioko gizaki bakarra da. Robyren lana gainbegiratzen du eta bere behatokitik unibertsoa ikustea da gehien gustatzen zaiona.

Helia, berriz, ordenagailu nagusia da. Adari behar duen informazio guztia ematen dio eta, harekin egonda, "giza" jokabideak bereganatzen ari da.

Roby, bestalde, robot ikaslea da. Agintzen dizkioten zereginak egin behar ditu eta, despistatzen denean, Adari laguntza eskatzen dio.

Eva taldeko robot bizkorrena eta sortzaileena da, eta Robyren lana antolatzen du.

Azkenik, Tor robot jakintsuena eta esperientzia handienekoa da. Hasi berri den hau laugarren espedizioa da Torrentzat.

"Txac Planet" telesailak Toolbox plataforma digitalean du jarraipena

"Txac Planet" telesailak modu ludiko eta deskonektatuan programatzen irakasten du (Interneterako sarbiderik gabe) eta Toolbox.Academy plataforman oinarrituta dago. Programazio-ingurune horrek hainbat ataza edo zeregin ebaztea ahalbidetzen du, telesailak aurkezten dituen kontzeptuen inguruan lan egiteko.

GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteko ordezkarien hitzetan, "bi produktu horiek konbinatuta" telesaila eta Toolbox Academy plataformaren bidez, haurrek ordenagailuekin ibiltzeko gaitasunak lortu eta jakintza osatu ez ezik motibazioa eragiten dietela adierazten dute: "Lehenengo, telesaila ikusiz eta, ondoren, plataformarekin arituz. Plataforma doakoa da eta Internetera konektatutako edozein gailutatik eskura daiteke".

Marta Macho Stadlerek, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean Matematika Saileko matematikari eta ekimena aztertzeko aukera izan duen Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con Ciencia espazio digitalaren editoreak, honako hau dio: "Txac Planet proiektu ederra da adin guztietako neska-mutilei  programazioaren munduan sartzeko. Uste dut garrantzitsua dela haurrek ikastea erabiltzen duten edozein aparaturen atzean (ordenagailu bat, jolas elektroniko bat, eta abar) zientzia eta teknologia daudela. Proiektu honen bidez, erabiltzaile pasibo soilak izatetik gauzak zergatik funtzionatzen duten ulertzeko eskatzen zaie (...) Oso egokia da, nire ustez, programazio-ariketa hauek erroreak detektatu nahian planteatzea".

EITBk ikus-entzunezko 30 atalak egun hauetan emitituko ditu:

-          Abenduak 14-18: ETB3n egunero bi pieza, 20:30ean

-          Abenduak 21-22-23: ETB3n egunero bi pieza, 20:30ean

-          Abenduak 28-29-30: ETB3n egunero bi pieza, 20:30ean

-          Urtarrilak 4-5-7-8: ETB3n egunero bi pieza, 20:30ean

Piezak ETB3n eman ondoren, 3 Klubeko euskarri digitaletan egongo dira eskuragarri: web orrian, APP-ean eta HbbTV-n edo konektatutako telebisten botoi gorrian.

"Txac Planet" telesailak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.