Euskadi Irratia
Eskoziako erreferenduma
Edinburgotik zuzenean egingo du 'Faktoria' Maite Artolak
Erreferendumaren gaineko jarraipen zabala egingo du Euskadi Irratiak ostegunean eta ostiralean goizeko 8etatik aurrera. Eskoziako politikariekin eta hemendik joandako ordezkariekin hitz egingo dute.
Eskoziako erreferendumaren jarraipen zabala egingo du Euskadi Irratiak ostegun eta ostiralean, irailaren 18 eta 19an. Maite Artolak Edinburgotik aurkeztuko du "Faktoria" saioa, goizeko zortzietatik aurrera; Iratxe Etxebarria kazetaria ere berriemaile lanetan arituko da Eskoziatik bertatik. Gainera, bereziak izango dira Euskadi Irratiko "Mezularia" saioan ere.
Irailaren 18an, Iratxe Etxebarriak Michael Keating Aberdeengo irakaslearekin eta Henry Mcleish laborista eta lehen ministro ohiarekin izandako elkarrizketak eskainiko dituzte. Eta, horrez gainera, Eskozian bizi diren Nerea Arruti irakaslea eta Beñat de Miguel dentista Maite Artolarekin batera egongo dira platoan. Programarekin amaitzeko, Joseba Arregi sailburu ohiarekin hitz egingo dute; autogobernuaren gaineko ikerketa egin berri du.
Irailaren 19an, erreferendumaren biharamunean, Andoni Ortuzar (EAJ) eta Maribi Ugarteburu (EH Bildu) egongo dira Euskadi Irratiko "Faktoria" saioak Edinburgon izango duen platoan, erreferendumaren emaitzak aztertzen. Gertu-gertutik jarraituko dituzte emaitzak eta erreakzio guztiak.
Internet
www.eitb.eus-ek Eskoziaren inguruko atari berezia izango du, datu eta iritzi guztiak jasotzeko. Erreferendumaren jarraipen estua egiten ari dira bertan, eta, nola ez, irailaren 18an eta 19an zuzeneko jarraipena egingo zaio webean Eskoziatik jazotzen den guztiari. Zuzeneko emankizunak streaming bidez, albisteak, bideoak eta abar Eskoziako erreferendumaren inguruko atari berezian jasoko dira, EiTB taldeak sortzen dituen eduki guztiekin batera.