Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

'Loreak' filmaren aurrestreinaldia, Euskadi Irratiaren eskutik

09:00etan Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia elkarrizketatuko du Maite Artolak, eta 10:00etatik aurrera, Bilboko Alondegitik egingo dugu 'Faktoria' magazina, Loreak han aurrestreinatuko baitute.

Ostiral honetan, 07:00etatik 13:00etara zabalduko ditu Euskadi Irratiko ateak 'Faktoria' saioak. Maite Artolak zuzentzen duen 'Faktoria' albistegian, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia elkarrizketatuko dute 09:00etan. Ondoren, Bilboko Alondegirako bidea hartuko du Euskadi Irratiak; izan ere, Loreak filma bertan aurrestreinatuko dute, 10:30ean, Euskadi Irratiaren eskutik, eta 'Faktoria' magazina bertatik egingo du zuzenean Manu Etxezorturen lantaldeak.

Bertan egongo dira filmeko hainbat protagonista: Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga zuzendariak, Joxean Bengoetxea, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru aktoreak, eta Xabier Berzosa eta Aitor Arregi ekoizleak. Bilboko Alondegian daudela aprobetxatuta, eraikina ezagutzeko aukera aprobetxatuko dute Lourdes Fernandez Alondegiko zuzendariaren eskutik. Eta, horretaz aparte, 'Athletic Gu Gara' abestia konposatu duen Mikel Bizar musikariarekin hitz egingo dute.

16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, Neighbor taldearen akustikoa izango dute, eta bigarren orduan, tertulia biralean, Leire Palacios telebista kritikariarekin hitz egingo dute.

20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioan, Mondocane taldearen Misterioa diskoaz hitz egingo dute, eta, ondoren, Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak antzezlanaz arituko dira.

Loreak filmaren aurrestreinaldia Bilboko Alondegian

Euskadi Irratiak Loreak filmaren aurrestreinaldia dakarkigu ostiral honetan, zinema-aretoetara helduko den egun berean. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako pelikula primizian ikusteko aukera izango dute 10:30ean Bilboko Alondegiko auditoriora joateko gonbidapena eskuratu duten 400 lagunek. Han izango da Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioko lantaldea, Manu Etxezortu buru duela, film horren ordezkaritza zabalarekin batera.

Euskadi Irratiak berea sentitu duen proiektua izan da Loreak, erabat euskaraz egindako filma delako eta gertutik jarraitu dituzten bi zuzendariren lana delako. Ezin ahaztu, halaber, Donostiako Zinemaldian mugarri historikoa izan dela, Sail Ofizialean lehiatu den euskaraz grabatutako lehen filma izan baita.

Etxean aurkeztu ostean, mundu mailan sona handia izaten ari den egitasmoarekin bat egin du Euskadi Irratiak. Estreinaldi komertzialaren aurretik, atariko matinée saioa antolatu du Bilboko Alondegian, entzuleak bertara gonbidatuta. Aretoa ia guztiz beteko da, eitb.eus webgunearen bitartez sarrerak eskuratu dituzten ia 400 lagunei esker.

Loreak filmaren aurrestreinaldian gertatzen den guztiaren zuzeneko kontakizuna egingo du Manu Etxezortuk gidatzen duen 'Faktoria' saioak, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera bitartean. Euskadi Irratiak Alondegian izango duen set nagusitik hauek pasatuko dira: filmaren bi zuzendariak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga; ekoizleak, Xabier Berzosa (Irusoin) eta Aitor Arregi (Moriarti Produkzioak); eta protagonistetako batzuk, Itziar Aizpuru, Joxean Bengoetxea eta Itziar Ituño (telefonoz). EiTBren izenean, Andoni Aranburu Estrategia eta Komunikazio zuzendariak hartuko du parte ekitaldian.

Alondegira Loreak filma ikustera joango diren herritarrekin ere mintzatuko dira 'Faktoria'ko lagunak, eta sorpresatxo bat ere prestatu dute horientzat.

Itziar Aizpuru, Joxean Bengoetxea eta Itziar Aizpururekin batera, Nagore Aranburu, Egoitz Lasa, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz eta Jox Berasategi dira aktore nagusiak. Loreen eraginez bizimodua aldatu duten hiru emakumeren istorioak kontatzen dute. Loreek lurperatutzat emandako sentimenduak azaleratuko dituzte.