Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Igandean

Aturri ibaiaren iturburutik etorriko da 'Zubiak' saioa asteburuan

ERREDAKZIOA | G.U.

Igandean, 15:00etatik 16:00etara, Artzen Letona eta Alaia Martin gidariek eta Saioa Alkaiza kolaboratzaileak Aturri ibaiaren ertzean egingo dute saioa.

Igande honetako 'Zubiak' saioak Aturri ibaiaren iturburura joko du. 15:00etatik 16:00etara, Artzen Letona eta Alaia Martin gidariek eta Euskalerria irratiko Saioa Alkaiza kolaboratzaileak Pirinioetan jaio, Landetatik pasatu eta Lapurdin itsasoratzen den ibaira joko dute, France Bleu Pays Basque Iparraldeko irrati kateak eta Euskadi Irratiak elkarlanean egiten duten saioan.

France Bleuko estudioetan hasiko dugu nabigazioa, bertako leihoetatik begiratuz gero Aturri baitugu begi aurrean. Ibaian aurrera, Baionatik gertuago, Saint Sprit zubia berritzen ari direla ikusiko dugu, eta zubiaz eta horren konponbide lanez hitz egingo dugu. Talasta elkartearen etxera ere joango gara; Aturriren ertz batean dago eta egurrezko ontzi txikiak egiten dituzte bertan. Aturritik apur bat urrunduko gara gero, gazteengana hurreratzeko, Xarneguz hitz egin diezaguten. Aturri agurtzera Landetara joango gara ondoren, Joseba Agirrebarrenarengana, arrantzale begiz konta diezagun ibai horretako bizitzaren berri.

Euskadi-Nafarroa-Akitania erakundearen diru-laguntzari esker zabaltzen dugu irrati-uhinetan 'Zubiak' saioa igande arratsaldero.