Itxi

Saioak A-Z

Trindoor-ean, errebantxa

Oriok Bermeo gainditu du

A.E.

Erredakzioa

Arraun-denboraldia gogoratuta, errebantxa kutsua izan du demak. Urdaibai txapeldunari (Bermeok ordezkatuta) erronka bota dio Oriok, eta uretako emaitzei buelta eman diete gipuzkoarrek lehorrean.

Zozketak hala nahi izanda Bermeok ekin dio saioari. Arraunlariak oraintxe ari dira denboraldiari ekiten, eta urrun daude sasoi-puntu nagusitik, baina klasea, klasea da, eta larunbatean aritu ziren bi arraunlariek asko dute.

1.000 metro egiteko 2''59" da Trindoor denboraldiko marka nagusia, Arkaitz Goñi hernaniarrak egindakoa, eta Iker Zabala hausteko zorian izan da: 3''00", azken txanpara indarrez juxtu iritsi da Urdaibaiko arraunlaria eta horrek utzi du markatik segundo bakarrera.

Bingen Fernandezek hartu du erreleboa bizikleta finkoan. Garmin-Cervelo talde berriko zuzendariak maillota fin-fin dauka oraindik, urtebete da profesionalki bizikleta utzi zuela baina zainduta dago, eta lehen klaseaz esandakoa honek ere bor-bor daukanez lan dotorea egin du: bost kilometroak 6''34"an osatu ditu.

Josu Munitizen txanda azkenik. Bermeoko Taraska-ko atletak lehen kilometroa 18,5 km/h-ko abiaduran egin du, baina bete egin da eta bigarren kilometroa nahi baino luzeagoa egin zaio eta abiadura galdu du: 7''20" bi kilometrotan; marka txarra ez, baina onenetatik urrun geratu da. Bera penaz jakin badakielako marka horretatik behera ibili litekeela. Guztira 16''54"ko lana Bermeok.

Eta korrikako saioari ekin arte gauzak estu izan dira Oriorekin. Arrauna eta bizikletaren ostean Bermeok 3 segundoko aldea zuen Oriorekiko. Orio arraun klubeko Haritz Etxebestek 3’02”an osatu du ergometroko lana eta Eneko Santamariak 6''35"ean bizikleta finkokoa; azpimarratzekoa Añorga KKE-ko txirrindulariaren lana, harro zen Bingen Fernandezen pare ibiltzeko gai izan delako.

Eta kolpea Hussein Kaanachek eman du korrika. Hasi eta bukatu, orduko 21 kilometroan osatu du saioa. Dotore, solte, bizi, eta kontrol itxura emanaz, 5''59"ko marka jarri du, denboraldi berriko azkarrena. Guztira 15''36" Oriok, Bermeok baino 1''18" azkarrago. Orio garaile.

Agurrean, halere, denak gustura. Iker Zabala datorren urtean Bermeo berriz itzuliko dela aginduz, eta oriotarrak Hernanik eginiko denborei begira haiek izango direlako finalaren atariko beren aurkariak.

Datorren larunbatean, urriak 30, Trindoor bikoitza, bi kanporaketa: San Pedro vs San Juan pasaitarrak itsasoko dema klasikoei segida emanez, eta Aizarnazabal vs Berriz gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko dema berri bat: Iñaki Lejarreta bikerra, Mikel Astarloza txirrindularia, Iñaki Gabarain triatloilaria, Iñaki Lopetegi atleta, Libia eta Errekako arraunlariak...

Trindoor Txapelketa, Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia"n, larunbat arratsaldero!