Euskadi Irratia
HEM-Trindoor Txapelketa
Pasai San Pedro, lehen finalista
A.E.
Pasai San Pedro eta Aizarnazabal aritu dira larunbat honetan HEM-Trindoor Txapelketako lehen finalaurrekoan. Pasaitarrek egin dute aurrera, erakustaldia emanda.
Pasai San Pedro da aurtengo HEM-Trindoor Txapelketako lehen finalista, larunbat honetan egindako finalerdian Aizarnazabali gaindituta. Aizarnazabal bikain aritu da halere, eta final-laurdenetako beren marka bi segundotan hobetu dute, 14''02" eginda. Zorionak Joseba Zumeta ''Tximista'', Xabier Gurrutxaga ''Amillu'' eta Iñaki Gabaraini. Esanda utzi dute: "Iaz final-laurdenak, aurten finalerdiak, datorren urtean sartuko gara finalean!".
Pasai San Pedrok finalean sartzeaz gain bazituen beste bi erronka: arrauneko eta bizikletako errekor ahaleginak. Bada Mikel Astarlozak jo du sekulakoa! Markel Irizar oñatiarrak iaztik egindako 5''48"ko errekorra segundo batean hobetu du: 5''47" alajaina! Final-laurdenetan arrimatu zen, 5''53"rekin, eta gaur hartu dio neurria Irizar lagun eta taldekide ohiaren markari.
Arraunean, berriz, Loren Jauregik final-laurdenetan eginiko 2''54"koa gainditzea zuen helburu, baina 2''55" egin du. Segundo bakar bat markatik gora, maila ikusgarria erakutsi du beste behin Libiako arraunlariak. Pasaitarren korrikalaria gaur Joseba Mayoz arraunlaria izan da, Libiakoa bera ere, eta 6''37" eginda konplitu bakarrik ez, San Pedro beste behin taldekako marka nagusitik hurbil utzi du, 9"ra: 15''19". Eta Lauko Finaleko lehen sailkatua da hala Pasai San Pedro.
Datorren larunbatean bigarren finalaurrekoa: HERNANI-ORIO.
Trindoor Txapelketa, Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia"n, larunbat arratsaldero!