Euskadi Irratia
Ostegunean
Itunpeko ikastetxeetako gatazka eta zibererasoak, 'Faktoria'n
Euskadi Irratia
Zibersegurtasunaz ariko gara Igor Unanue S21SECeko zuzendariarekin. Gainera, hauteskunde elkarrizketen baitan, Maria Luisa Garcia Gurrutxaga PSEren Gipuzkoako 2. hautagaia elkarrizketatuko dugu.
-
Itunpekoen gatazkako irudi bat. Argazkia: EFE
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lan gatazkan, aldeek azken ahalegina dute gaur arratsaldean, hastekoa den hilabeteko greba saihesteko. Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioak gaiaren inguruko jarraipen zabala egingo du ostegun goizean.
Horrez gain, zibersegurtasunari ere erreparatuko dio saioak. Azken aldian, erasoak jasan dituzte Euskal Herriko hainbat enpresak, eta horietako askok asteak daramatzate eraso horiei aurre egin nahian. Gaiari buruzko argibideak emateko, Igor Unanue S21SECeko zuzendari eta zibersegurtasunean aditua bilduko da solasaldiko mahaira.
Hauteskunde kanpainako elkarrizketa sortan, Maria Luisa Garcia Gurrutxaga elkarrizketatuko du Maite Artolak, 08:30ean. Euskadiko Alderdi Sozialistak Gipuzkoan Kongresurako aurkeztu duen bigarren hautagaia da Garcia Gurrutxaga.
Solasaldian, Xabier Riezuk, Pilar Kaltzadak eta Martxelo Otamendik parte hartuko dute. Eguneko zutabea Aingeru Epaltzak sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Donostiako Bretxa merkatuko baserritarrengana joko dugu, berriz ere lanean hastekoak direlako. Jarraian, komunikabideen entresaka egingo digute Mikel Garciak eta Xabier Landabideak. Tabakaleran egingo duten Zientzia Astean ere egongo gara, eta FICA Nazioarteko atletismo film festibalari ere egingo diogu tartea. Ziortza Karrantza psikologoaren tartean, desirak aztertuko ditugu, eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen ibilbideaz eta orainaz ariko gara Kattalin eta Peru Ansorenarekin.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.