Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

12 ataleko saioa

"Elkano, kapitain baten biografia" audioliburua, Euskadi Irratian eta eitb.eus-en

Abuztutik aurrera izango dugu entzungai "Kultur Leihoa"ren ondoren, 14:45ak aldera. Eitb.eus-en atari berezi batean zintzilikatuko ditugu 13 atalak.

  • Elkanoren ontziaren irudia. Argazkia: Elkano Fundazioa

    Elkanoren ontziaren irudia. Argazkia: Elkano Fundazioa

Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik 500 urte bete dira, eta efemeride horri leku berezia egingo diogu uda honetan Euskadi Irratian. 13 ataleko audioliburua argitaratuko dugu eitb.eus-en zabaldu dugun atari berrian, eta irrati uhinetan, berriz, abuztuan izango da entzungai "Kultur Leihoa" albistegiaren ostean, 14:45 aldera.

Elkano Fundazioak ekoitzi eta Julian Diaz historialari eta idazleak gidoilatutako audioliburuak munduaren lehen itzulia errepasatuko du hamahiru ataletan, eta Getariako itsasgizonaren espedizioarekin batera, XVI. mendeko itsas Euskal Herriaren testuingurua beste era batera ezagutuko dugu.

"Juan Sebastian Elkano, kapitain baten biografia" munduaren lehen itzulia kontatzen duen audioliburua da, lekuko pribilegiatu baten ikuspuntua berreskuratuz, Elkano berarena. Bere eraldaketa ere kontatzen du, marinel bezala abiatu eta aurkitzaile bihurtu zena, dena arriskatuz Zipango mitikoaren bila, Espezieriara egin zuen bigarren bidaian. Beraz, produkzioak Elkanoren bizitza errepasatuko du Getarian eta Afrikan, Sevillan Espezieriarantz ontziratu aurretik, espedizioaren prestaketak, bidaia bera, baita ondoren gertatu zitzaiona ere, Garcia Jofre de Loaisaren agindupean Moluketara egindako bigarren espediziora arte, bertan hil baitzen.

Elkano protagonista izanik ere, audioliburuak Magallanesen ekarpena eta irudia errespetatzen ditu, eta historia kolektiboaren ikuspuntu bat ematen du, gertatutakoa zorrotz islatuz. Gaur egungo ikuspuntutik kontakizunak fikzioa dirudien arren, biografia oso dokumentatuta dago Julián Diazek egindako lanean. Diaz Bilboko Itsasmuseumeko "J.S. Elkano. Aztarnaren bila" erakusketako komisarioa da, eta izenburu bereko Getariako itsasgizonari buruzko biografia gaurkotuaren egilea.

Ekoizpenean lau ahots narratzailek parte hartzen dute, bi gizonezko eta bi emakumezko, eta mundubiraren protagonista kolektiboa den euskal kostaldeko kantu tradizionalen aukeraketa musikal batekin aberasten da, aldi berean.