Euskadi Irratia
"Faktoria"
Palestina, Nazio Batuetako 194. herrialdea?
Erredakzioa
Euskadi Irratia
Munduko politikaren begiak New York-ek dauzka harrapatuta. Nazio Batuen Batzar Nagusian Palestinarako Estatu aitortza eskatuko du Mahmud Abbas Aginte Nazional Palestinarraren presidenteak.
Ondoren BenjaminNetanyahu Israelgo gobernu-buruak hitz egingo du. Kartak bistan daude.
Nazioarteko agintariak indar egiten ari dira Palestina eta ISRAEL elkarrekin eser daitezen. Europar Kontseiluaren presidenteak, Herman Van Rompoyk esan du, orain aurrenekoa dela, bi herrien arteko elkarrizketa zuzenak hastea. Aldiz, lurralde palestinar okupatuetako giza eskubideetarako Nazio Batuen berri-emaile bereziak, Richard Falk-ek, Israeli eta munduari eskatu die entzuteko eta onartzeko Palestinaren eskaria.
Aldi berean, Estatu Batuak, Europar Batasuna, Errusia eta Nazio Batuen Erakundea, Israel eta Palestina lehen bait lehen mahai baten inguruan elkartzera eramango dituen kontsentsuzko adierazpen baten bila ari dira atergabe orduotan.
Gaur Mahmud Abbas-ek hitz egingo du aurrena Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aurrean Palestinako herriaren izenean: 1976 aurreko mugetan, Jerusalem Ekialdea, non miloi erdi israeldar kolono bizi diren, eta Gaza eta Zisjordaniako lurraldeek osatutako Estatua nahi du Palestinako Aginte Nazionalak. Beraz, Estatu aitortza eskatzen duen gutuna emango dio Ban Ki-Moon, Nazio Batuen idazkari nagusiari.
Honek, gutuna arauzkoa dela ikusi eta Segurtasun Batzordera bidaliko du. Hor 9 botoko gehiengoa lortu beharko luke Palestinak eta beto-eskubidea duten 5 herrietako inork, betorik ez jartzea. Jakina da Estatu Batuek erabili egingo dutela eskubide hori.
Bitartean, TEL AVIVen manifestazio sinboliko bat egin dute 300 bat israeldarrek, David Ben Gurion-ek 1948an Israelgo Estatuaren sorrera aldarrikatu zuen etxearen aurrean. Israeli eskatzen diote ez bakarik onartzeko Palestina estatu izatea, baizik izan dadila hori aitortzen lehenengo herria.
Idazki bat irakurri dute ekitaldi horretan, Israelgo 80 pertsona ezagunek sinatua. Tartean herrialde hartako saririk preziatuena, Israel saria irabazi dutenak daude: politikariak, filosofoak, idazleak, militarrak eta diplomatikoak.
'Lehenengo aitortu Palestina-ko Estatua eta gero negoziatu', diote idazkiaren sinatzaile israeldarrek. 'Giza moraltasunak, historia juduak eta Israelen interesek argi erakusten dute, Israel izan behar dela Nazio Batuetan gure ondoko Estatua onartuko duen lehenengo herria, eta ondoren palestinarrekin negoziatzeari ekin behar diola, berdintasunean oinarrituta, lurraldeen trukea eginez eta segurtasun akordioak hitzartuz'. Idazkiak 'okupazioaren erabateko amaiera” eskatzen du, 'funtsezko baldintza bi herrien askatasunerako, Israelen Independentzia Aldarrikapena betetzeko eta bi herriak elkarrekin bakean bizitzeko'.