Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

'Mezularia'

'Kukullagan udalak busti beharra zuen'

eitb.com

Anabel Landa, Berangoko alkateak, azaldu digu zergaitik ahalegindu da udala baserrian bizi den bikote adindua etxetik bota ez dezaten. Eta Gontzal Aizpurua abokatuak azalpen juridikoak eman ditu.

Deshauzioa, utzarazpena, bidaltzea, kaleratzea, etxea utzi araztea... Bizi dugun krisi ekonomikoaren ondorio larrienetakoa da. Ehunka kasu dira aurten hego Euskal Herrian, azkenaldian hedabideetara salto egin dutenak, baina aurreko hilabeteetan isil-isilik pasa direnak.

Jendea elkartasuna adierazten hasi da etxea galtzear dutenekin. Azken adibidea gaur bertan Gasteizen. Noelia, 80 urteko emakumearena astelehenean enkantera ateratzekoa zuen bere etxea Vital Kutxak, baina herri-mugimenduari esker, negoziaketa epe bat zabaltzea onartu du Kutxak eta oraingoz etxean segi ahal izango du.

Beste kasu bat hedabideetara salto egin duena, Berangoko Kukullaga Goikoa baserriarena. Kasu honetan ere adineko bikotea, osasunez petral dabilena eta oraingoz, kasua konpondu dena. Udalak baserria erosiko du, 200.000 euro inguru ordainduta eta bitartean bertan bizi ahal izango du orain bizi den familiak. Kreditua eskatu zuten etxea zahar-berritzeko, baina kredituari buelta eman ezinik geratu ziren. Baserriak badu balio historikoa, 17. mendeko errota ere baduelako.

Hala ere, egunotan hitz egin dugu etxea uzteko agindupean daudenen elkarteekin, eta haserre puntu bat erakutsi dute. Diotenez, aurrekaria jarri du Berangoko udalak galtzear zegoen etxe-jabetzan sartu denean. Alegia, orain denek nahiko dute euren etxea udalak eros dezan, bertan bizitzen segitzeko edo gutxienez, hipotekaren zama gainetik kentzeko.

Irudikatzen duzue zeun burua, hipotekari edo etxearen hilabeteko errentari buelta eman ezinik?. Gauzak dauden bezala, beldurra hezurretaraino sartzeko moduko kontuak entzuten dira egunero.