Euskadi Irratia
Urriak 27, osteguna
Juan Karlos Izagirre, "Faktoria"n
EITB Media
EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta koalizioak Donostiarako aukeratu duen alkategaia elkarrizketatuko dugu 08:30ean.
-
Juan Karlos Izagirre
Juan Karlos Izagirre izango da ostegun honetan "Faktoria" albistegiko gonbidatu nagusia. EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta koalizioak Donostiarako aukeratu duen alkategaia elkarrizketatuko du Iñaki Guridik 08:30ean.
Aurretik, Bizkaiko Metalgintzan deituta dagoen greba deialdiari jarraipena egingo diogu; 08:00etako albistegian, Mikel Etxeberria ELA sindikatuko industria arduradunarekin hitz egingo dugu.
Gainera, fisioterapia zerbitzuak jasotzeko dauden itxaron zerrenden gaia ere landuko dugu bi fisioterapeutarekin, kolegioko ordezkariekin eta pazienteekin.
Hizketagaien atalean, berriz, okindegi txikien itxieraz jardungo dugu. Solasaldian, gainera, Ainhoa Etxaide, Iker Rioja eta Felix Arrieta izango ditugu analisi-mahaiaren bueltan.
Lekukoa Maider Segurolak hartuko du 10:00etan, magazinari ekiteko. Hasteko, etxerik gabekoen zenbaketa egin berritan, Garazi Montuschi Harrera Sareko boluntarioarekin eta Itxaso Osoro etxegabearekin hitz egingo dugu. Jarraian, "Zoaz pikutara" esaera nondik datorren azalduko digu Felix Mugurutza euskaltzain urgazle eta Laudioko euskara teknikariak."Bai baina" tartean, Ibis Ugarte izango dugu, eta Espainiako Ostalaritza Enpresariaren Sari Nazionala jasoko duen Asun Ibarrondo elkarrizketatuko dugu, "Boroa" jatetxeko arduraduna.
Bestalde, Ticketbai sistema azaroraren 2tik aurrera derrigorrezkoa izango da Gipuzkoan, eta hainbat adibide jasoko dugu, nola egokitzen ari diren azaltzeko. Informazio lokalaren tartean, Donamariako bentan ehizari eskaintzen dioten jardunaldi gastronomikoaz hitz egingo digute Lorea eta Haizea Luzuriaga arduradunek.
Segidan, Bergarara joko dugu, 'Kotoizko kafeak' ekimenaren berri jasotzeko. Ehungintza fabriketako langileen testigantzak jaso dituzten Rosa Errazkin Laboratorium museoko arduradunarekin eta Manolo Gabilondo Algodonera de San Antonioko langile izandakoarekin hitz egingo dugu. Gainera, edukiontzietara nolako arropa bota behar den azalduko digute Marian Mugertza Emauseko salmenta arduradunak eta Nagore Perez Kooperako komunikazio arduradunak.
Azkenik, reggae musikaz ariko gara Revolutionary Brothersekin eta Iseorekin.