Euskadi Irratia
Azaroak 7, astelehena
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, "Faktoria"n
EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua elkarrizketatuko du Iñaki Guridik 08:30ean.
-
Jokin Bildarratz
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua izango da asteleheneko "Faktoria"ko gonbidatu nagusia. 8:30etik aurrera espero dugu, eta Iñaki Guridik bere sailari dagozkien hari mutur guztiei buruz galdetuko dio. Aurrez, eguraldi aldaketa dela eta, arropa dendetara joko dugu, ea bezero gehiago joan ote zaizkien galdetzeko.
Solasaldiaren garaian, Begoña Sanzberro, Iñaki Galdos eta Luix Barinagarrementeria gerturatuko dira, eta aktualitateko gaiak jorratzen ari direla, Artikoko ez ohiko tenperaturari erreparatuko diogu. Antza, astelehen honetan, ohikoa baino 20 gradu beroagoa izango da Artikoko tenperatura. Saiatuko gara adituekin kontu honi buruz hitz egiten.
Lekukoa Maider Segurolak hartuko du 10:00etan, magazinari ekiteko. Hasteko, azaren aldeko aldarrikapena egingo dugu Patxi Arizmendi nekazariarekin, Ekaitz Apraiz sukaldariarekin, Leire Izagirre dietista-nutrizionistarekin eta Garbiñe Larrea sendabelarretan adituarekin.
"Bai baina" gogoeta tartean, Leire Zugazua Gasteizko sindikoa izango dugu, eta, ondoren, Ane Elordi, Korrikako koordinatzaile berria elkarrizketatuko dugu. "Faktoria Lab" tartean, Oskar Gonzalez Kimika analitikoan doktore eta EHUko Arte Ederretako faktultatean irakaslea izango dugu Eneko Axpe kolaboratzailearekin hitz egin aurretik. Ondoren, informazio lokalaren tartea izango dugu, eta Gipuzkoari begira jarriko gara. Bizikletan zirkulatzeko ikastaroak ematen ari dira DBHko ikasleentzat, eta Harri Zuazo Txitako langileak azalpenak emango dizkigu.
Bizitza luzera berriari buruzko jardunaldiez ariko gara ondoren Oihane Aldayturriaga BBK-ko talentu eta ekintzailetzako arduradunarekin, eta Irati Zabala 23 urteko eskalatzaile beteranoa ere elkarrizketatuko dugu Gepetoren tartea hasi aurretik.