Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Uztailaren 2tik aurrera

Udako programazioa Euskadi Irratian, uztailaren 2tik aurrera

Uztailaren 2tik aurrera, Nagore Telletxeak "Udako Faktoria" aurkeztuko du, eta, jarraian, "Udan Blai" saioa izango da, Itziar Arangurenek gidatuta.

  • Itziar Aranguren, "Udan Blai"

Uztailarekin batera, Euskadi Irratiak udako egitaraua jarriko du abian. Hartara, astelehenetik ostiralera, eguneko albisteentzako tartea “Udako Faktoria” irratsaioan izango da, Nagore Telletxeak aurkeztuta, 09:15etik aurrera. Alex Txikon, Zuhaitz Gurrutxaga eta Irati Anda kirolariak izango dira goizetako saioan solaskide. Horrez gainera, Aitziber Garmendia eta Sara Kortazar aktoreak ere solasean jarriko dituzte.

‘Egin ezazu zerorrek’ atala, bestalde, eskulanei eskainitako tartea izango da. Hemen, kortxoarekin belarritakoak egiten ikasiko dugu, edota plastikoekin lanparak... Sormenari eskainitako tartea izango da.

Maritxu Errazkinek, berriz, 50 urte daramatza gidari lanetan, eta Europatik zehar eramango gaitu autobusean.

Azkenik, Audience taldeko Hanot Mintegiak kanta ezagunen bertsioak eskainiko dizkigu “Udako Faktoria” irratsaioan, zuzen-zuzenean.

“Udako Faktoria” saioaren ondoren, “Udan Blai” irratsaioaren tartea izango da. Eguerdiro, Itziar Arangurenek uda giroan murgildu eta eguerdi freskagarriak eskainiko dizkigu. Umorea, bidaia-eskaintzak, festak, hondartzetako giroa.... ez dira faltako eguerdietako saioan. Horrez gainera, ingelesa eta euskara ikasteko aukera ere eskainiko du “Udan Blai” saioak, ikastarotxo laburrak emango ditu eta.

Sariak eskuratzeko aukera ere izango da Euskadi Irratian. “Udan Blai” saioko lehiaketan parte hartzeko, oporretan non zaudeten esatea eskatuko dugu, eta atzerrian zein etxeko oporretan jarriko ditugu belarriak eta mikronofoak unitate ibiltariarekin .

Bestalde, “A Bildua” saioa ordu betera luzatuko da larunbat goizetan Xabi Unanuek aurkeztuta, 09.00etatik 10:00etara izango da.

Larunbat bazkalosteetan, berriz, “Zinesummer” saio berria izango da entzungai; pelikulen soinu-bandei eskainitako tartea izango da, Arkaitz Basterrak eta Arantxa Kaltzadak gidatuta.

Lizardiren Baratza” poesiari buruzko saioak, udaran hitz ederrez bustiko gaitu igande eguerditan.

Kirolen atalari dagokionez, udarekin batera, estropaden denboraldia ere hasi da, eta ohi bezala, kirol honetan gertatzen den oro Manu Maritxalarrek kontatuko digu “Tostartean” saioan. Asteartetik igandera bitartean, gauero 22:00etan izango da entzungai saioa, eta larunbat arratsaldetan eta igande goizetan ere, estropaden berri izango da.

Estropadez gain, txirrindularitzak ere lekua izango du Euskadi Irratiko mikrofonoetan. Frantziako Tourreko eta Espainiako Itzuliko etapa amaierak izango dira entzungai, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Joxe Mari Apaolazarekin.

Azkenik, "Arratsaldekoa" saioan, arratsaldero, hainbat gonbidatu ospetsuk ‘Bizitzaren Mapak’ erakutsiko dituzte, hau da, beraien bizitzan eragina izan duten 10 kanturen bidez, beraien bizitzetako mapa egingo dute.

UEUko ikastaroek ere oihartzun berezia izango dute Euskadi Irratian, 13:45etik aurrera Julian Belokiren eskutik.

Gogoratu, beraz, uztailaren 2tik aurrera, Euskadi Irratia blai-blai datorrela.