Euskadi Irratia
Elkarrizketa
Mintegi: 'Euskal Herriak bizi duen tragediari buelta eman diezaiokegu'
Erredakzioa
Miguel Angel Blancoren hilketaz galdetuta, EH Bilduren lehendakarigaiak esan du Euskal Herrian tragedia asko izan direla, egun ere badaudela, baina orain egoera horri buelta emateko aukera badagoela.
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak esan du Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren hilketa, duela 15 urte izandakoa, "Euskal Herriak bizi izan zuen eta egun bizi duen tragedia ikaragarriaren" erakusgarri dela.
Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria'n egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "indarkeria batek beste bat elikatu du espiral baten gisan", baina orain egoera horri "buelta emateko aukera eta modua" ikusten du.
Indarkeria horiek amaitzeko hainbat "elementu desaktibatu" behar direla iritzi dio Mintegik, eta hor kokatu ditu ETAk armak utzi izana eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot dotrina zigortzea.
Rajoyren neurrien aurrean, erabakitzeko eskubidea
Bestalde, EH Bilduren lehendakarigaiak azaldu duenez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zituen neurriak "hondora eramango gaituen beruna da gure oinetan". Hori dela eta, "soka" horretatik askatzeko deia egin du, bestela "hondoratu egingo gara itsasontziarekin batera".
Hori horrela, lehendakarigaiak erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du krisitik irteteko: "Gure buruaren, bizimoduaren, ekonomiaren eta antolakuntza sozialaren jabe izan behar dugu, eta guk erabaki behar dugu, ez Madrilek, Bruselak, Estrasburgok edo Berlinek".