Faktoria
Zuloak
Fermin Muguruza: 'Rockzaletasuna itzuli dit Zuloak proiektuak'
Erredakzioa
Euskadi Irratia
Dokumentala egiteko, konplizitatea bilatzea behar-beharrezkoa izan dela azaldu du musikariak.
-
Fermin Muguruza eta Manu Etxezortu
Maiatzean 'Faktoria'n izan zen eta primizia eman zuen. Zuloak taldeari buruzko dokumentala egiteko asmoa zuela, eta Zinemaldian estreinatuko zuela.
Hala egin du, Zinemaldiko Zabaltegi-Bereziak atalean aurkeztu berri baitu. Eta beste kontu bat ere argitu du: Zuloak taldea dokumentalerako propio sortutako taldea izan dela.
Proiektua aurkeztu zuenean bizitza laburra izan zuen talde baten ibilbidea jaso behar zuela esan zuen Ferminek, eta laguntza ere eskatu zuen ‘Faktoria’tik eta sare sozialetan.
Jatorrian Arrate Rodriguez Errenteriako artistaren ideia izan zela ere esan zuen, baina eszenaratze hutsa zen hura. Izan ere bi urte lehenago pentsatutako proiektu bat zen: Zuloak taldea ez zen existitzen, eta sortu zuen, gero berak gogoan zuen proiektu artistikoa gauzatzeko.
Musikariak benetako musikariak dira, baina taldea propio sortutakoa. Eta laguntzaile asko izan du hilabete hauetan guztietan, bere lan horri egiazkotasuna emateko, proiektuari, urratsez urrats, bizitza, errealismoa emateko. Azkenean, egiak, gezurrak, errealitatea eta fikzioa, guztiak nahasi ditu estreinatu berri den dokumentalean.
Urriaren 5ean iritsiko da zinema aretoetara, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Madrilen eta Bartzelonan ere izango da Zuloak ikusteko modua Eta hau aurkezten egon da ‘Faktoria’n Fermin Muguruza.