Amarauna
Amarauna
Durangoko Azokatik zuzenean eskainiko dugu ostiraleko programa
Larunbatean, bestalde, Convivencias programa eta beldurra izango ditugu mintzagai, eta igandean, berriz, zoriontsu izateko aholkuak eta Damba taldearen disko berria izango ditugu protagonista.
Durangoko Azokan zuzenean hitz egingo dugu Bernardo Atxaga eta Irati Jimenez idazleekin, eta Mursego eta Keu Agirretxe kantariak ere gurekin egongo dira. Horretaz aparte, Kabi@ gunetik zuzeneko konexioak, Ahotsenean etengabeko sartu-irtenak eta blogariak zuzenean izango ditugu.
Larunbatean, bestalde, Xuban Intsaustik eta Sabin Ormazabalek biktimekin landu asmo duten 'Convivencias' proiektua aurkeztuko digute. Luis Oiartzabalek beldurra noiz, nola eta zergatik izaten den eta nola gainditu azalduko digu bere ohiko azalpen eta aholkuen bidez. Pantxika Solorzanok eta Xaok-ek euren azken diskoa aurkeztuko dute, eta, iparraldetik, Xora izango dugu: zubereraz egindako lehen dokumentala.
Igandean, Urko Arozena izango dugu 'Amaraunean'. Zoriontsu izateko bideari ematen dio berak garrantzia, eta bide horretan gozatzea du helburu. Berari ongi atera zaio, eta hori nahi du zabaldu jendartean. Musika ere izango dugu. Damba taldeak bere bigarren diskoa aurkeztuko digu zuzenean 12:00etan: Hautsi... eta izan zaitez zu. Eta, amaitzeko, baserriak kokatzeko metro-mapa berezia egin dute Leitzan, eta egileak, Pablo Feok, aurkeztuko digu.