Amarauna
Amarauna
Yogurinha Borovarekin solasean arituko gara Harrotasun Egunean
Bi aldiz jaiotakoa da gure gonbidatu nagusia. Sexu urtean, 69an jaio zen Eduardo Gabiña Laudion, eta 94an jaio zen bere alter egoa, Yogurinha Borova transformista. Gurekin egongo da larunbatean.
Iaz gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eguna Madrilgo desfilean parte hartuz ospatu zuen. Aurten, 'Amarauna' saioan pasatuko du larunbat goiza.
Bai, Sí, Yes diskoa aurkezten dabil, eta lehiaketa bat jarri du martxan, jendeak bere kantuen moldaketak egiteko. Jendearen diru-ekarpenei esker grabatu du bigarren bideoklipa. 11:00etan egin dugu hitzordua berarekin.
Aurrez, historiari begira jarriko gara, mendeurren baten aitzakiarekin. 100 urte dira Lehen Mundu Gerra lehertu zuen metxa piztu zela… Sarajevoko atentatuan, Franz Ferdinand artxidukea Austria-Hungariako Inperiorako erregegaia hil zuen Princip Esku Beltzako aktibistak, Serbia handiaren defentsan. Hala hasi zen gerra, Austria-Hungariako Inperioaren erantzunarekin.
Lehen Mundu Gerrak Euskal Herrian izandako eraginari buruz liburua idatzi du Eneko Bidegain kazetariak. Iparraldetik, adibidez, 6.000 lagun joan ziren Frantziaren alde borrokatzera, bertan kontatzen duenez. Berak emango digu historia lezioa, eta Donostian, gainera, hiriak Lehen Mundu Gerra nola bizi izan zuen kontatzeko ibilbidea antolatu dute. Javier Sada idazleak ere historia liburua kaleratu du garai hartako Donostiaz. Europako Gerrako espioiak, eta txanpain ugariko festak eta herritarren hornidura arazoak, kontrastean. Horiek ere jasoko ditugu.
Hautsitako platerak artelan bihurtuko dituzte A fuego Negro jatetxearen ekimenez. Zerbitzariei puskatu zaizkien platerak gordetzen joan dira eta orain eskura jarri dizkiete artistei, eurek lantzeko. Erakusketa egingo dute aurki sormen lan guztiekin.
Saioaren azken txanpan, zuzeneko musika izango dugu. Indigo: Iñigo Azpitarteren proiektua. AEBn sortu zen taldea orain 10 urte. Orain, berriz, maketa egin berri du. Abesti berri horietako 3 joko dizkigu zuzenean Iñigok.