Amarauna
Amarauna
C hepatitisa dutenen egunerokoa eta aldarrikapenak, larunbatean
Bizkaiko plataformako kideek kontzentrazioa egingo dute larunbatean Bilbon; Parisko atentatua ere hizpide izango dute eta Thailandian bizi den batekin ere hitz egingo dute.
C hepatitisa duten gaixoen Bizkaiko plataforma sortu berriak elkarretaratzea izango du larunbat goizean, hamaiketan, Bilboko Plaza Biribilean. Kontzentrazio horren aurretik horiekin hitz egiteko asmotan gabiltza; izan ere, muturreko egoeran daude gaixo horietako asko. Espainiako Osasun Ministerioak duela hilabete batzuk esan zuen egoerarik larrienean dauden gaixoek botikak jasoko dituztela, baina hilabeteak igarotzen ari dira eta egoera ez da aldatu. Eta denbora kontra dute gaixo horietako askok. Horien egunerokoa ezagutzeaz gain, egoera honi buelta emateko euren proposamenak entzun nahi ditugu.
Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatuaren ostean, Parisen azken ordu hauek benetan biziak izaten ari dira. Bertako azken berriak emango dizkigu Xabier Madariaga lankideak. New Yorkekin bat egiteko asmoa ere badugu. Han erdi izoztuta dabiltza azken egunetan. Gari Udabe gure berriemailearekin bat egingo dugu horren berri jasotzeko.
Bukatu aurretik, Zigor Añibarro ezagutzeko parada izango dugu larunbatean 'Amarauna' saioan. Lasai asko bizi da laudiotar hau Thailandian, Koh Tao uhartean, 2001az geroztik. Urpekaritza klaseak ematen ditu bertan. Gabonetan Euskal Herrira etorri dela aprobetxatuz, hitzordua egin dugu berarekin.