Amarauna
Amarauna
'Amarauna'k beteko ditu egunotan Euskadi Irratiko goizetako uhinak
Ostegunean hasi eta astelehenera arte, Arantxa Arzak zuzentzen duen lantaldea entzungo da 10:00etatik 13:00etara Euskadi Irratian.
'Amarauna' saioak 10:00etatik 13:00etara zabalduko ditu ateak ostegunetik astelehenera bitarteko goizetan Euskadi Irratian. Hasteko, ostegunak baditu 2 izendapen: Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna eta Autismoaren Mundu Eguna.
Haur Literaturaren Nazioarteko Egunarekin lotuta, Leire Bilbao idazlearekin eta Aitziber Alonso ilustratzailearekin hitz egingo dute 'Amaraunean'. Eta Autismoaren Mundu Egunarekin lotuta, Igor Ijurrak bere esperientzia kontatuko du; semeari diagnostikatu dioten autismoaz arituko da. Kristina Mardarasekin ere hitz egingo dute, bertsoari lotutako emakumeak etxean hartu baitu 'Amarauna'. Horretaz aparte, Hossegorreko outlet azokaren berri, Ornitho webaren aurkezpena...
Ostiralean, zuzeneko berriak emango ditu Mikel Arregik Donetsketik. Dokumentala egiteko asmotan dabil kazetaria bertan. Bestalde, Eusko Ikaskuntzak Gerra Zibileko haur izan zirenen testigantzekin dokumentala egin du, baina istorioak eta historia euren bilobak direla kontuan izanda oraingoan.
Bestalde, Real Union futbol talde irundarra 100. urtebetetzea ospatzen ari dela eta, 'Amaraunean' Naxari Altuna ETBko kirol kazetaria eta Real Unioneko Zuzendaritza taldeko Joseba Lopetegi hartuko dituzte eguerdian. Haurren adopzioak ere hizpide izango dituzte, baina osasun arazoak dituzten haurren adopzioak, eta Arantzazun gizarteratzeko zailtasunak dituztenekin egiten ari diren lana ere ezagutuko dute.
Larunbatean, CIC Biogune biozientzien zentroa bisitatuko du 'Amaraunak'. Jose Mujica Uruguaiko presidente izandakoaren jatorri euskalduna ere hizpide izango dute Mikel Prietoren ahotan.
Bestelako hitzak ere protagonista izango dira larunbatean, saretik arrantzatutako 4 hitz; ikuspegi zorrotzez joango dira Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea eta Gorka Bereziartua kazetaria. Bestalde, Goiener, energia berriztagarriekin argindarra eskaintzen duen kooperatibaren egungo egoeraz ere hitz egingo dute. Eta Aste Santuko oporrei begira, Leire Palaciosek liburu gomendioa egingo du: Mikel Ayllonen Ez tiro egin anbulantziei.
Igandean, Donostiako Gizakia Helburu zentrora joango da bisitan 'Amarauna' saioa. 30 urte bete berritan, bertara joaten direnen profila aldatu egin da. Izaskun Sasieta Gipuzkoako zuzendariarekin eta erabiltzaile batekin hitz egingo dute. Horretaz aparte, Haizea Barcenillak islamisten arte-lanak txikitzeak eragin dizkion gogoetak aireratuko ditu 'Amaraunean', eta arte kontuekin jarraituz, Bizkaian emakumezko talde batek artista sarea osatu dutela aipatuko dute. Gainera, emakume artista hauek erakusketak egingo dituzte, Ines Medinaren zuzendaritzapean.
Astelehenean, abereen transhumantzia izango dute protagonista. Europako hainbat herrialdetan egiten da oraindik (bereziki ardiekin) transhumantzia, eta Gema Arrugaetak argazkitan batu ditu Euskal Herrikoa eta Espainiakoa. Madrilen izan ditu erakusgai, eta 'Amaraunean' harekin hitz egingo dute orain artekoaren balantzeaz eta etorkizuneko proiektuez.
Itzulia astelehenean hasiko da, eta horren berri ere emango dute zuzenean eguerditik aurrera. Amaitzeko, Ander izagirre kazetariarekin hitz egingo dute Beruna Patrikan lanaz.