Itxi

Amarauna

Amarauna

Maialen Errotabehere eta Ondarruko Klin hizpide 'Amaraunean'

Larunbatean eta igandean 10:00etatik 13:00etara zabalduko ditu mikrofonoak 'Amarauna'k. Maialen Errotabeherek 'Biluzik' diskoa aurkeztuko du eta Ondarroan zabaldu duten Klin garbitegia ezagutuko dute

Larunbatean eta Igandean 10:00etatik 13:00etara zabalduko ditu mikrofonoak Euskadi Irratian 'Amarauna'k.

Hainbat talde antimilitaristek antolatuta, arma industriaren kontrako bizikleta martxa bat egingo dute larunbat goizean Bilbo eta Getxo bitartean. Izan ere, Euskal Herrian baditugu armak ekoizten dituzten hainbat empresa. Eta beraien jarduera salatzeko asmoz antolatu dute  bizikleta martxa. Antolatzaileekin hitz egiteko asmotan gabiltza.

Bestalde, Fiare Banku etikoari buruz behin baino gehiagotan hitz egin izan dugu 'Amaraunean'. Orain, berriz, Fiarek bulegoa zabaldu du Bilbon, eta bertan zer zerbitzu eskaintzen duten ezagutu ahal izango dugu biharko saioan Oskar Arantzabal ekonomilariarekin batera.

Sukaldera buelta ere egingo dugu. Eltze edo lapiko azkarrak, barruan duen isurkiak zenbat kaloria dituen dakien edalontzia,  3d impresoran ekoitzitako janaria... Gastronomiaren eta  teknologia berrien arteko lotura gero eta estuagoa da, eta bi alor horiek nola uztartzen den azalduko digu Mugaritz jatetxeko Dani Lasak.

Horrez gain, Zuzeneko doinuak izango ditugu, larunbateko saioan: Maialen Errotabeherek Biluzik izeneko diskoa plazaratu zuen udazkenean. Ordutik lan hori zuzenean aurkezten dabil han eta hemen, eta bihar  zuzenean eta formatu akustikoan arituko da gurean.

Igandean berriz, Ondarruko Klin garbitegira bisita egingo dugu 'Amaraunean'. Pelikuletan agertzen diren garbitegi horietako bat zabaldu dute Ondarroan. Klin, bere izena. Ingelesezko clean, garbitu hitzean oinarrituta jarri diote izena denda berri honi. Ane Undurraga gure lankidea bertan izan da aste honetan. Eta erabiltzaileen istorioak bildu ditu, besteak beste.

Horrez gain, antzerkiari leiho bat zabaldu nahi diogu igandeko 'Amaraunean'. Datorren astean Donostiako Giza Eskubideen Zine jaialdia hasiko da, eta bertan, ohiko filmeez gain, herri antzerki bat taularatuko dute. “Ez dira Aspaldiko kontuak”, bere izena. Segurako herritarrak ditugu proiektu honen atzean. Eta herri antzerki honetan parte hartu duten hainbat lagun etorriko dira gurera, Frankismo garaiko ikastoletako giroa ardatz duen obra honi buruzkoak kontatzera. Horrez gain, Pazko aste honetan Aulestin antzerki laborategia izan dute. Eta bi ikaslek bertan bizitako esperientziaren berri emango digute, besteak beste.